Abotsanitzen Facebook orria salatu dute, "intentzio txarrez"
Salaketaren ondorioz orrialdea izoztuta dutela salatu du taldeak. Salaketa aztertzeko 21 eguneko epea hartzen du sare sozialak, beraz, hauteskunde kanpaina bukatu arte ez da erabilgarri izango.
Abotsanitz taldearen Facebook orria salatu dutela denuntziatu berri dute, “intentzio txarrez” gainera eta ondorioz, orria izoztuta dutela egun. Salaketa aztertzeko 21 eguneko epea hartzen du sare sozialak, beraz, hauteskunde kanpaina bukatu arte ez da erabilgarri izango.
“Egin duenak edo egin dutenek bazekiten zertan ari ziren. Abotsanitzek egindako lanketa herritarren artean hedatzeko erabiltzen duen tresna da. Hori da, hain zuzen, sare sozialek duten balio handiena. Are gehiago, hauteskunde garaian datozen urteetarako lanketaren proposamenak egiteko tresna garrantzitsua da”, esan dute taldekoek.
Komunikabideetan, prentsan, irratian, telebistan eta horrelakoetan alderdiak ez duela bozgorailurik erantsi dute, eta “herritik herrirako lanketa” egiten dutela. “Eskualdeko hedabideak dira oihartzuna ematen digutenak eta beraiekiko oso esker onekoak gara. Baina sare sozialak ere oso garrantzitsuak dira gurea bezalako talde txikientzat”, erantsi dute.
Talde guztiek aukera berdintasunean jarduteko aukera dutela diote, eta horregatik denuntzia jarri duenari edo dutenei salaketa hori “lehenbailehen erretiratzeko” exijitu diete.
“Gertatzen dena gertatzen dela, Abotsanitzek Hondarribiaren aldeko lanketan buru-belarri jarraituko duela oso garbi dugu. Bidean zailtasunak jartzen badizkigute ere, ez gara isilduko!”, esan dute, azkenik.