10 ardatz izango ditu PSE-EEren hauteskunde programak
Santanok aurreratu du ez dituztela herritarrak "bonbardatuko ezinezko proiektuekin, egingo ez direla badakigun infografiekin eta beteko ez diren promesekin".
Jose Antonio Santano zerrendaburu duen hauteskundeetarako taldeak datozen egunetan 10 ardatz dituen programa aurkeztuko dutela jakinarazi du. Azaldu dutenez “Irunerako defendatzen duten proiektuaren ezaugarri bereizgarriak” laburbilduko dituzte.
Dena den, alkateak aurreratu nahi izan ditu ardatz horien nondik norakoak: “Pertsonak, mugikortasuna, kultura, ekonomia eta etorkizuneko plan handi eta iraultzaileak, kirola eta ekitaldiak, ondarea eta historia, ibairi begira dagoen hiria, gainerako erakundeen aurrean merezitakoa erreklamatzen duena, hirigunetik kanpo eta barruan berdeguneak dituena, erdigunea eta auzoak berdin zaintzen dituen hiria”.
Hauteskunde kanpaina datorren hilaren 12an izango da eta egungo alkateak adierazi du badakiela “aste hauetan herritarrek informazio asko jasoko dutela” eta horren aurrean dio haiek ez dituztela herritarrak “bonbardatuko ezinezko proiektuekin, egingo ez direla badakigun infografiekin eta beteko ez diren promesekin”.
Hauteskunde programaz gehiago jakiteko sozialistek Casa del Pueblo-ra gerturatzeko deia egin du Santanok (Gipuzkoa hiribidea, 12), edota Santanoren sare sozialei adi egoteko adierazi du.