Abotsanitzek "Hondarribiaren etorkizuna hobetzeko giltzak" aurkeztu ditu
27 lagunez osatutako zerrenda jada osaturik, herri programa aurkeztu berri du taldeak. Lan egiteko "modu berriak" praktikan jarriko dituztela diote, "inor atzean utziko ez duen udala lortzeko".
Abotsanitz taldeak dena prest du maiatzeko udal hauteskundeetarako. Zerrenda jada osaturik, programa aurkeztu berri diete hondarribiarrei. Hondarribiaren “etorkizuna hobetzeko giltzak” aurkeztu dituzte gaur.
Azken zortzi urte hauetan herritar, eragile zein auzo elkarteekin “harreman estua” izan dutela diote, eta ondorioz, herriak dituen arazoak eta gabeziak ezagutzeko aukera izan dutela. Ateratako ondorioetako bat “herritarrek udala geroz eta urrunago sentitzen” dutela izan da, “ez duelako ia inoiz erantzuten, itxita egotearen sentsazioa ematen dielako eta arazoak usteltzen uzten dituelako”. Herrian bizitzea “gero eta zailagoa” dela ere esan dute, amorruz.
Egoera aldatzeko “konpromiso sendoa” adierazi du taldeak. “Lan egiteko modu berriak praktikan jarriko ditugu inor atzean utziko ez duen udala lortzeko. Eraldaketa hau eman dadin udalak garai berrietara egokitu behar du eta barne antolaketa modernizatu”, erantsi dute.
Abotsanitzen programak sei esparru edo giltza izango ditu, ondorengoak dira:
- Hondarribian bizi ahal izateko giltzak: Atal honetan “inork hiritik alde egin ez dezan” lan egingo dute eta horretarako etxebizitza, mugikortasuna, irisgarritasuna, hiritartzea, eremu publikoak eta ekonomia aktibitateari dagozkien 55 neurri jaso dituzte programan.
- Gizarte kohesiorako giltza: Ongizate sisteman eta “pertsona guztientzako aukera berdintasunean” sinesten dutela diote, “irmoki”. Horregatik, “herritarrez arduratuko den udala” lortu nahi dute, “jatorri, erlijio, pentsatzeko modu, genero edota adin arrazoiengatik inor baztertuko ez duena”. Helburu hori lortzeko gizarte zerbitzuak, elkarbizitza, berdintasuna eta gertuko arreta aintzat hartu behar direla uste dute. Esparru honetan 19 proposamena jaso dituzte.
- Herri nortasuna sendotzeko giltza: Hondarribiarren nortasuna, arkitektura, arte eta literatura, bizimoduak, elkar bizitzak, ohiturak, sinismenak, balore sistemak eta hizkerak eta hizkuntzak osatzen dutela diote, eta hortaz, horretarako euskara, ondarea eta memoria, ingurumena, sormen hiria eta aisia landuko dituztela, 40 proposamenekin.
- Herritarren osasuna bermatzeko giltza: Udalak osasunari dagokionez “funtsezko zeregina” duela uste dute Abotsanitzekoek, “herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa baita eta horregatik Osakidetzaren aurrean herritarren beharren alde lan egiteko ardura du”. Osasun sistema duin baten alde lan egiteko konpromisoa hartu dute. Atal honetan 21 proposamen jaso dituzte.
- Herritarrak asetuko dituen kudeaketarako giltza: Udalak “irekia, gertukoa, gardena eta etorkizuna begiratzen duena” izan beharko lukeela esan dute, eta horretarako eraldaketa bat beharrezkoa dela diote, “parte hartze prozesuen eredua irauliz, udal funtzionamendua hobetuz eta udal egitura modernizatuz”. Helburu hori betetzeko 18 proposamen egin dituzte.
- Alardearen gatazka desblokeatzeko giltza: Alardearen izaera publikoa aldarrikatu du taldeak, “herri ondarea den heinean”. Orain arte taldearen lanketaren oinarriak izan direnei eutsiko diete: “zubiak eraikiz, elkarrizketa sustatuz, gatazkaren kudeaketa emozionalean sakontzen eta herria berriz kohesionatuz”.
Dokumentu honetan programan jasotako ekintza ugari kontsulta daitezke.