Jaizubia eremuko txatartegia eraitsi eta beste eremu batera eramateko eskatu du Eguzkik
Eremua babesteko indarrean dagoen legedia "lehenera dezatela" eskatu diote aldundiari, "eraginkortasunez jardun dezatela".
Eguzki talde ekologistak kezka agertu du Jaizubiako RN 2000 eremu babestuko txatartegiaren egoerarekin eta honek duen inpaktuarekin. Eremua babesteko indarrean dagoen legedia “lehenera dezatela” eskatu diote aldundiari, “eraginkortasunez jardun dezatela”.
Lehenbailehen esku hartzeko eskatu dute ekologistek, “Jaizubia inguruko paduraren ertzetan legez kanpo dagoen instalazioa eraitsi eta jarduera hori aurreikusten duen beste eremu batera eraman dezan”. Eraikuntza horien presentzia kontserbazio helburuen “aurkakoa” dela erantsi dute, eta horrez gain, garatzen duen jarduerak horiek lortzeko “zailtasun gehigarria” dakarrela.
Aldundiak eremu horretan bertan egindako jarduketen ondorioz paduren ertzetatik zihoan bidea zati batean desbideratu egin dela diote. Jarduketa horiek “positiboki” baloratu dituzte, eta lanak Natura 2000 Sarearen helburuen eta arauen arabera arautu behar direla erantsi dute, “bi babes figura maximoek bat egiten baitute bertan: KBEk (Kontserbazio Bereziko Eremua) eta HBBEk (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua)”.