HAPOren bozketa atzeratzeko eskatu du berriro oposizioak
Osoko bilkura astebetez atzeratzea proposatu berri du udal gobernuak, baina azken erabaki honen kontra ere agertu dira Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu. Hauteskundeen ondoren egiteko eskatu dute.
Oposizioko hiru alderdiek ohar bateratua kaleratu dute berriro. Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bilduk egindako eskaeraren harira, aste honetan udal gobernuak HAPO onartzeko saioak astebetez atzeratzea proposatu du, batzordea maiatzaren 4an eta osoko bilkura 11n geratuz.
Bada, azken erabaki honen kontra ere agertu dira hiru taldeak. “Ez da arduratsua Plan Orokorraren dokumentua onartzea proposatzea akordiorik gabe”. Kezka eta desadostasuna adierazi dute deialdi berriaren aurrean. Data aldaketa hori ez datorrela bat euren eskaerekin erantsi dute.
Aldaketa egiteko benetako arrazoia zein den galdetu diote udal gobernuari. “Berriro diogu udalak Plan Orokorra hauteskunde kanpainaren bezperan osoko bilkuran hasierako onarpen proposamenak kalte larria dakarkiola gardentasunari eta tokiko demokraziari, bai eta etorkizuneko udal kudeaketari ere. Gure ustez, erabakia aukera politikoko irizpideetan oinarritzen da, eta ez irizpide tekniko objektiboetan”.
Hauteskunde garaian Plan Orokorraren hasierako onarpena proposatzeak “legealdian egongo ez diren hainbat ordezkarik dokumentu hau babestea ahalbidetuko” duela diote. Kontuan izanik dokumentuaren garapena ordezkari berriek kudeatu beharko dutela, desegokitzat jo dute “ezinbestekoa duen adostasunik gabe eta EAJren gehiengo absolutuari esker onartuko den dokumentu bat oinordetzan uztea”.
Dokumentazio guztia aztertzeko denbora falta ere nabarmendu du oposizioak. Aste Santua baino lehen jaso zuten hori, eta ordutik bi bilera izan dituzte elkarrekin. Alkateak egindako adierazpenek ez dutela balio esan dute: “Denbora egon da lan egiteko, eztabaidatzeko eta adosteko”.
Plan Orokorraren bozketa atzeratu egin behar dela esan dute beste behin, “herriko etorkizuneko hirigintza programak landu eta adostu ez direlako”. Hauteskundeen ondoren egiteko eskatu dute, “horrela bermatuko baita dokumentua hautatutako ordezkari berriek onartzea eta ordezkari horiek beren gain hartzea dokumentua kudeatzeko ardura”.
Azkenik, egindako eskaerari “jaramonik ez egitea eta gardentasunean eta adostasunean oinarritutako beharrezko eztabaida egiteko aukera galtzea” deitoratu dute hiru taldeek. Osoko bilkuraren data aldaketa komunikabideen bitartez jakin zutela ere salatu nahi izan dute.