Jazz musikaz beteko dituzte herriko plazak uztailean
Uztailaren 10etik 16ra luzatuko dute bigarren Hondarribian Jazz Nazioarteko Jaialdia. 38 talde eta 150 musikari baino gehiagok herriko kale eta plazak girotuko dituzte.
Iazko “ekitaldi bikainaren ondoren”, bigarrenez Hondarribia Jazz Nazioarteko Jaialdia antolatzeko apustua egin du Hondarribiko Udalak. Uztailaren 10etik 16ra luzatuko dute aurtengoa, hirigune historikoko plazetan izango dira saio gehienak. Gaur eman dute aurtengoaren berri, Txomin Sagarzazu alkateak, Maria Serrano zinegotziak eta jaialdiko zuzendari Joseba Cabezasek.
Aurtengoa ere “kalitate eta maila handikoa” izango dela aurreratu dute, udal gobernuaren asmoa baita “kalitateagatik eta ukitu desberdinagatik nabarmentzen diren jarduerak antolatzeko bidea egiten jarraitzea”. 38 talde eta 150 musikari baino gehiagok parte hartuko dute bigarren edizio honetan. Judith Hill abeslari famatua izango da kartel honen buru.
Doako emanaldiak Kasino Zaharreko lorategian, Arma Plazan, Apezpiku plazan eta Erreginaren Baluartean izango dira. Ordainpeko saioak aldiz, Itsas Etxea Auditoriumak jasoko ditu.
Iazko datu onak nabarmendu ditu alkateak. 15.000 pertsona baino gehiago bertaratu ziren iazko edizioan, “oso eragin positiboa” izan zuela esan du. Serranok bestalde, gaineratu du hirigune historikoaren “bihotzean” izango direla musika emanaldi gehienak. Datozen asteetan komunikazio kanpaina abiatuko dutela erantsi du, “lehen hitzorduaren arrakasta berdindu eta gainditzeko”.
Iaz bezala, Gipuzkoa plazan Women In Hondarribian Jazz gunea ere jarriko dutela azaldu dute udal ordezkariek, emakumeen kontzertuei soilik eskainita.
Beheko irudian aurtengo egitarau osoa kontsultatu daiteke. Bestela, webgune honetan ere informazio osagarria zintzilikatuko dute aurki.