Udal lorezainek greba egingo dute berriro
Elai Serbitzuak enpresak langileen eskaerei erantzun arte protestan jarraitzeko asmoa dute. Maiatzaren erdialdean egingo dute greba.
Joan den hil bukaeran egin zuten bezala, greba hasiko dute berriro Elai Serbitzuak SL enpresako langileek, hala jakinarazi du ELA sindikatuak. Joan den ostegunean langileek bilera izan zuten enpresarekin, eta haien “eskaintza ez deusa dela iritziz”, protestan jarraitzeko erabakia hartu dute. Hala, 15 eguneko greba hasiko dute datorren maiatzaren 15ean.
Martxoko greba hiru egunekoa izan zen. Honetan, enpresari biltzeko gonbita egin zioten, eta erantzunik jaso ez zutenez, protestari ekin zioten. Greba bukatu ondoren, negoziatzeko eskaera egin zioten enpresari, eta “agenda arazoak argudiatuz bost astez atzeratu” dutela salatu dute.
Joan den asteko bileran enpresak “mugimendu minimo bat” egin zuela dio ELAk, baina langileentzako hori nahikoa ez dela esan dute. “Langileek egoera desblokeatu lezakeen mugimendu bat egin zuten, zeinetan udaletxeak ere esku har dezake”, erantsi du sindikatuak.
Hortaz, “hitzarmen propioa eduki arte borrokan jarraitzeko asmo irmoa” dutela esan dute.