Dunboako Auzo Elkartearen liburutegiko langilea eta kultur azpiegituraren motorra da Gemma Nanclares. Ez hori bakarrik: nahi dutenei, zuhaitz genealogikoa osatzen laguntzen die. Hiriko bigarren liburutegi handiena da.

Dunboako liburutegia (Martxoak 8 kalea, 4) astelehenetik asteazkenera irekita dago, 17:00tatik 19:00etara, eta Irungo bigarren liburutegi handiena da. Bertan, mailegutza zerbitzuaz gain, hitzaldiak eta bestelako jarduerak ere antolatzen dituzte.
Zenbat urte ditu Dunboako liburutegiak?
Nik zortzi urte daramatzat, baina lehenagotik ja martxan zegoen. Ziur aski 20 urte izango ditu.
Auzo elkartearena da, ezta?
Udalarena da, eta liburuak erosteko dirua udalak ematen digu. Gero, egia da, Dunboako Auzo Elkartea dela kudeaketaz arduratzen dena. Ni naiz plantillan nagoen langile bakarra. Boluntarioak ere badaude, orotara 11. Nire senarrak liburutegira haien liburuak aurkeztera etortzen diren idazleekin hitz egiten du.
Astelehenetik asteazkenera irekitzen dituzue ateak, baina lehen ostiral arte ere izaten zen zabalik.
Diru faltagatik murriztu behar izan dugu ordutegia. Pandemia aurretik astelehenetik ostiralera irekita genuen, baina geroz eta diru gutxiago ematen digute denetarako: pertsonalerako, liburuak erosteko… Adibidez, garbiketako langilea kendu behar izan dugu, eta orain ni neu arduratzen naiz lan horretaz.
Zein ezberdintasun du auzoko liburutegiak CBArekin?
Irungo liburutegi handiena da gurea, erdigunekoaren ondoren, hau da, liburu gehien dituena da, 11.000 duzkagu hemen hain zuzen. Liburutegi bakarra da aldi berean bidasoarren liburuen sail bat daukana, eskualdeko idazleen liburuez osatuta dagoena. Lehentasuna eman diegu liburu horiei hasi ginenetik, eta etorkizunera begira horrela segi nahi dugu.
Gainera, aipatu ditudan liburu horiek etxera eramaten uzten dugun liburutegi bakarra gara. Izan ere, CBAn ezin dira mailegatu liburu horiek. Beraz, jende asko horregatik etortzen da.
Bestetik, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak ere egiten ditugu, eta esan daiteke eskualdeko idazleenak hemen egiten direla.
Horrez gain, nik zuhaitz genealogikoa eraikitzen laguntzen diot nahi duenari. Interesa duenak hona etortzea besterik ez du. Ez dut deus kobratzen horregatik. Honetan hasi nintzen duela hamar urte, nire koinatuak esaten zuelako Fernando Amezketarraren birbiloba zela, eta etxean katxondeo handia zegoen horregatik. Bada, hori ikertzen hasi ginen eta arrazoia zeukan!
Bazkidetzekin funtzionatzen duzue?
Bai, kontua da liburutegiko bazkidea izatea doakoa dela. Auzo Elkartearen edozein jarduera egiteko bazkidetza da gurea, ez bakarrik liburutegikoa. Kakotx artean aipatzen dut bazkidetzarena, zeren eta Dunboako atari asko bazkideak dira, kuota bat ordaintzen dute urtero komunitatearen izenean, eta bizilagun horiek zuzenean etor daitezke edozein jardueretara bazkidetza pertsonala izan beharrik gabe. Baina, badira pertsonak auzoan bizi ez direnak eta etortzen direnak, eta horiei urteko 12 euroko kuota ezartzen zaie.
Liburutegiaren Astea antolatu duzue hilaren 24tik 28ra.
Bai, hori da. Idazle batzuekin aurkezpenak antolatu ditugu, kasualitatez beraien liburua aurkezten ari direnak. Gaur hasiko gara Josu Torresekin, eta bere Poemas al viento poema-liburua aurkeztuko du: lehenengo aldia izango da Torresek gure liburutegian aurkezpen bat egingo duena. [Astearen egitaraua osorik bidasoa.hitza.eus-en].
Parez pare izanda, ba al duzue harremanik Dunboa ikastetxearekin?
Bai, oso harreman ona daukagu eskolarekin. Haurrak hona etortzen dira maileguak egitera, eta haiek eskolan gure mailegatzeko zerbitzu berbera erabiltzen dute. Beraz, harreman oso zuzena daukagu eta elkarlanean gabiltza.
Hilaren 24tik 28ra bitarte, egunero, ate irekiak egingo dituzue. Zer dela eta?
Gure espazioa ezagutarazteko Beste urteetan ez dugu hau egin. Beste urteetan salgai jarri izan ditugu jendeak emandako liburuak eta errepikatuta dauzkagunak, eta orduan, GKE bati bidali beharrean guk liburu gehiago erosteko saldu izan ditugu. Hilabetean bi liburu erosten ditugu normalean, urteko 600 euroko diru laguntzarekin kopuru hori eros dezakegulako. Bada, liburu gehiago edukitzeko hori egiten genuen.
Donazio asko izaten dituzue?
Kontua da CBA liburutegian lehen bai, baina orain ez dituztela donazioak onartzen, beraz, denak hona etortzen dira. Denetik hartzen dugu, entziklopediak izan ezik.
Ikasgela bat duzue. Azterketa garaian ordutegia zabaltzen duzue?
Ez da guk nahi ez dugulako, baina ez, ez dugu ordutegi berezirik. Esaterako, CBA liburutegia obretan dago, eta gure txokoa ikasteko egokitzea eskatu ziguten, eta onartu egin genuen eskaera. Kontua da azkenean ez zela aurrera atera.
Begien bistara liburu gehienak gaztelaniaz direla dirudi. Euskarak zein toki du?
Ez du apenas tokirik, eta arrazoi duzu gaztelaniaz direla gehienak esatean. Euskarazkoak ez izatearen arrazoia da jendeak ez dituela euskarazko liburuak eskatzen.