Javier Cristobal, PPren Hondarribiko alkategaia
Herriari "freskura eta dinamismoa" emango diola adierazi du PPk, "herriak galdu duen lidergo hori" ekarriko duela.
Hondarribiko PP taldeak badu udal hauteskundeetarako alkategaia: Javier Cristobal. Gaur aurkeztu dute publikoki, Arma Plazan egindako agerraldian. Herriari “freskura eta dinamismoa” ekarriko diola esan dute haren taldeko kideek, “herriak galdu duen lidergo hori ekarriko” duela.
Cristobalek “Hondarribiak gehiago merezi duela” esan du gaurko aurkezpenean, “herritarrak politiken erdigunean” jartzeko konpromisoa hartu du lehenik. Herritarrek zerbitzu publiko gehiago eta hobeak merezi dituztela erantsi du. Auzotar eta auzo guztiak aintzat hartuko dituen gobernu bat behar dela esan du, “inor diskriminatu gabe”.
EAJko alkategai Gonzalo Carrioni “makinaria guztia orain martxan jartzea” leporatu dio alkategaiak, “azken urteetan egin ez dituen obrak orain egiten ari baita” .
Garraio publikoaz ere aritu da, eta Irun eta Donostiarekin loturak hobetzeko apustua egingo dutela esan du.
Osasungintza publikoa defendatzeko mezua ere bota du Cristobalek, “orain inoiz baino gehiago”. Zentzu horretan adierazi du datorren maiatzaren 6rako Osasun Bidasoa herri plataformak deitutako manifestazioan izango dela PP.
Aurrerago aurkeztuko dute udal hauteskundeetara aurkeztuko duten zerrenda osorik.