HAPOren onarpen dokumentuari buruzko bilkura atzeratzea eskatu du oposizioak
Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu taldeek onarpen prozesua "irizpide tekniko eta helburuetan oinarritu behar dela" esan dute, "eta ez egokitasun politikoko irizpideetan". Udal gobernuaren "kudeaketa eredu autoritarioa" salatu dute.
Oposizioko Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu taldeek agerraldi bateratua egin dute gaur. Honetan, HAPOren onarpen dokumentuari buruzko osoko bilkura atzeratzea eskatu diote udal gobernuari. Izan ere, esan dute onarpen prozesua irizpide tekniko eta helburuetan oinarritu behar dela, eta “ez egokitasun politikoko irizpideetan”.
Maiatzaren 4an bilduko da osoko bilkura, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako onarpena bozkatzeko, hauteskundeak baino 24 egun lehenago hain zuzen.
Aste honetara arte ez dutela paperezko dokumentaziorik jaso salatu dute (atzo bildu ziren oposizioko alderdiak udal gobernuarekin, HAPOren hasierako onarpenerako dokumentua lantzeko bigarren saioan), Aste Santuan dokumentu hori jasotzen duen pendrive bat jaso bazuten ere. “Dokumentuaren bolumena eta edukiaren garrantzia kontuan hartuta, udala osatzen dugun gainerako taldeek uste dugu ez daukagula denbora nahikorik modu sakonean aztertzeko eta eragileekin kontrastatzeko”, esan dute hiru taldeetako bozeramaileek.
“Agendak eta garaiak egokiak ez direla” uste du oposizioak. HAPO hasieran onartzeko erabakia “Hondarribiarren interesik onenean eta epe luzerako plangintzan oinarritu behar” dela uste dute, “eta ez hauteskundeen bezperan soilik epe laburrerako balizko onura politikoa baliatuz”. Zaldunborda proiektua jarri dute adibide gisa, honek gogorarazten baitu “presazko erabakiek ez dutela funtzionatzen”.
“Bat gatoz HAPO bat izatearen garrantziarekin, justizia auzitegiek forma akatsak zirela eta bertan behera utzitako planaren ondorioz, etenda geratu diren proiektu indibidual eta kolektiboekin jarraitzeko aukera emango diguna”. HAPO behar bezala diseinatu eta ebaluatu behar dela erantsi dute, eta hala bada, “hasierako onarpena justifikatua izan daitekeela” diote. Baina, Kosten Zerbitzu Probintzialaren txosten bat falta dela salatu dute, “erantzuteko epean dagoena”. Eskaera egin berri denez, osoko bilkura astebete atzeratu behar izan dela gogorarazi dute.
Lan hau “modu bizkorrean egin nahi izatea” leporatu diote udal gobernuari. “Ez dugu geure burua zapaltzen utzi nahi, berriz ere, gobernu taldearen gehiengo osoaren indar zapaltzaileagatik”. “Bozkak irabazteko helburuz presaz hartutako neurriak oportunistatzat” jo dituzte hiru taldeek.
Ez dute nahi behar bezala eztabaidatu eta adostu ez den HAPO bat, eta udal taldeen artean ez dela elkarrizketarik egon esan dute, ezta ere gizarte eragileekin. Udal gobernuaren “kudeaketa eredu autoritarioa” salatu dute.
Bilerak alkatearekin
Udalak, bere aldetik, HAPOren hasierako onarpenerako dokumentua lantzeko bigarren batzordea egin berri dutela jakinarazi du, atzo egin zuten. Talde guztiak izan dira bertan, eta udalak jakinarazi du alkateak datorren osteguna baino lehen alderdi guztiekin bilera bat izateko proposamena helarazi diela, “zalantzak argitzeko eta beste alderdien proposamenak entzuteko”.