Guadalupe eta Jaizkibelgo igoerari "balioa emateko" egitasmoa aurkeztu dute
Uztailaren 2an Frantziako Tourra herritik igaroko da. Honen harira, Jaizkibelgo igoera seinale finkoekin markatuko dute, "zaleei igoera ahalik eta ondoen kudeatzen laguntzeko" asmoz.
Frantziako Tourra Hondarribitik pasatuko denez, Hondarribiko Udalak eta Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) egitasmo berezia aurkeztu dute, “igoerari balioa emateko” asmoz. Juan Luis Silanes zinegotzia eta Iñigo Eseverri BAteko ordezkariak aurkeztu dute egitasmoa.
Uztailaren 2an helduko dira txirrindulariak herrira, Gasteiztik atera eta Donostian bukatuko den Tourraren bigarren etapako azken kilometroetan hain zuzen. Tropelak Jaizkibel igoko du Guadalupetik. “Historikoki profesionalen lasterketetan Jaizkibel Lezotik igotzen zuten, eta gure ustez aukera ona da Hondarribiko igoera polita balioan jartzeko”, esan du zinegotziak.
Tourraren etorreraren harira, datozen egunotan igoera seinale finkoekin markatuko dute, “zaleei igoera ahalik eta ondoen kudeatzen laguntzeko”. Hala, kilometro bakoitzean seinaleak jarriko dituzte, igoera hasieratik, Labreder ingurutik, Guadalupeko Santutegira eta hortik Jaizkibeleraino. Seinaleztapena 2-3 informazio panelek osatuko dute, eta portuaren hasiera eta gailurrak seinaleztatuko ditu. Bestalde, kilometro bakoitzeko kartelak jarriko dituzte, “informazio garrantzitsuarekin”.
Egitasmo honi lotuta, hilaren 29rako (larunbata da) lehiarik gabeko proba bat egingo dute inguru horretan. Herritar oro gonbidatu dute igoera honetara, “Guadalupeko igoera zoragarri hau hobeto ezagutzeko”.