[Elkarrizketa]: «Liburutegia ez da biltegi bat soilik; gauzak gertatzen diren leku bat da»
34 urte egin ditu Irunen liburuzain bezala. Irungoak, eta oro har liburutegi guztiek une gozoa bizi dutela dio. Irakurtzeko joerak aldatzen ari diren arren, paperekoa «bakarrik» mantenduko dela ziur da.
CBA liburutegia, osasuntsu dago egun?
Bai, gero eta hobeto gaude zorionez. Irungo liburutegian iaz 130.000 bisita baino gehiago izan genituen, 2021ean baino 39.000 gehiago. Egia da pandemia urteetan halabeharrez beherantz egin zutela datuek, baina bide onean goaz, etengabe gorantz. Esan dezakegu osasuntsu gaudela. Aurten, adibidez, 800 bazkide berri izan ditugu, eta orotara, 33.000 baino gehiago dira. Hau da, hiriaren erdia baino gehiago bazkide da, seinale ona da datu hori.
Pandemiak onurak ekarri ditu sektorera, hala dela berretsi duzue hemen?
Bai, hala da. Pandemia hasi zenetik sekulako gorakada izan du sektoreak, eta guk gurean hori sumatu dugu. Esandako datu horiek berresten dute hori. Liburu asko ari dira idazten, eta jendeak gero eta gehiago irakurtzen ditu. Egoera ona da, oso pozik gaude.
Zortzi urte betetzear da CBA. Zer eskaini dio hiriari?
Liburutegi honetan, beste guztietan bezala, gauza asko gertatzen dira. Kulturarako gune bat da, baina liburutegia da gune horren zatirik garrantzitsuena. Liburutegia ez da biltegi bat bakarrik, gauzak gertatzen diren leku bat baizik. Hori beti izan da horrela, eta horrela izaten jarraituko du. Isiltasuna, kalitatezko leku bat eta erremintak eskaini dizkiegu herritarrei. Bide horretan jarraitu nahi dugu.
Etziko Liburuaren Nazioarteko Egunean kalera aterako dira liburu dendak. Zergatik uste duzu dela beharrezkoa egun hori aldarrikatzea?
Ideia interesgarria da hori, onura asko dakartzala uste dut. Jende askok ez du sekula liburu denda bat bisitatu, ez dira taberna edota bestelako denda batean bezala sartzen. Orduan, askotan liburuak kalera atera behar dira, jendeak ikus ditzan. Lehengoan irakurri nuen, ixtear zegoen Bordeleko liburu denda txiki bat salbatu zutela auzotarrek, stock-ean zuen guztia erosi baitzuten. Bada, hori ez da hemen gertatzen. Liburu dendak etengabe ixten joan dira, oso gutxi geratzen dira egun. Eta jendea ez da horietara sartzen, beraz, egoera konplikatua da.
Asteburuan betiko azoka egingo da Irunen, Zabaltza plazan. Gogoan dut orain dela lau bat urte inguru honetan egin zutela azoka. Kafetxo bat hartzen ari nintzen inguruko kafetegi batean eta langileak honakoa esan zidan: «Aurten ez dut azokarik topatu Zabaltza plazan, eta ez dut libururik erosi. Urtero erosteko ohitura nuen, baina aurten ez dut ikusi!». Honek bezala, jende askok ez du libururik erosiko kalean aurkitzen ez baditu, horrelako azoketan. Asko dira egun honetan liburu bat erosteko joera dutenak, aitzakia bat da haientzat. Eta ideia ona dela uste dut.
Zein da liburuzain baten zeregina?
34 urte daramatzat hemen. Nire zeregina liburutegia bultzatu eta dinamizatzea da. Katalogazioa egiten dut, liburuak erosi, ekintzak antolatu… Denetik egiten dut. Gogoz egiten dudan lana da. Beti diot pribilegiatu bat sentitzen naizela ogibide hau izateagatik. Pertsona oso kuriosoa naiz, ez naiz liburutegiko arratoi horietako bat, baina bai oso kuriosoa. CBAra iristen diren liburu guztiei begirada bat ematen diet, kuriositatea dudalako. Osorik irakurtzea bai, baina behintzat orri batzuk begiratzea pauso garrantzitsua dela uste dut. Irakurri behar da, gainetik bada ere. Liburu bat irekitzea aberasgarria da, beti geratzen zaizulako zerbait. Agian ez zaizu gustatuko eta utzi egingo duzu gero, baina beti informazioren bat geratuko zaizu, hori ziur. Egunero etxera noanean libururen bat hartzen dut, irakurri edo begirada bat emateko. Beti da ona liburu bat zabaltzea.
Irakurtzeko joerak aldatzen ari diren honetan, nola eutsi paperekoari?
Papereko euskarria bakarrik mantentzen da. Ebook-ak deskargatzeko liburutegi digital bat ere badu CBAk. Egia da euskarri hau gorantz doala, baina oraindik oso atzean dago. Irungo liburutegian 2.000tik gora ebook mailegatu ditugu, papereko 33.000 izan direnean. Oraindik ere paperekoa eskatzen jarraitzen du jendeak, ohitura horiek ez dira gehiegi aldatu. Liburu fisikoek etorkizuna bermatuta duela uste dut. Paperekoa bakarrik mantenduko da.