Patricio Arabolazaren omenezko erraldoia aurkeztu du Ondarek
Real Unioneko jokalari mitikoari omenaldi berezia egin diote Imanol Urabayen eta Christian Azcona artistek.
Ondare Kultur Elkarteak Patricio Arabolazaren irudia duen erraldoi berria aurkeztu du. Real Unioneko jokalari mitikoari omenaldi berezia egin diote Imanol Urabayen eta Christian Azcona artistek. 45 kilogramo inguruko pisua du, eta 3,60 metro neurtzen ditu. Soinean daraman arropa XX. mendearen hasieran Real Unionek erabiltzen zuen ekipazioan inspiratuta egin dute. Garai batean erabiltzen zuten larruzko baloi bat ere badu erraldoiak.
Iñigo Mangas elkarteko presidentearen ahotan,”gure erraldoien familia txikia pixkanaka hazten ari da. Honek gure elkartearen 15 zenbakia egiten du. Eta beti sorrerako helburu berarekin, hau da, gure hiriko tradizioei eta kulturari eustea Irungo historia kontatuz, pertsonaiak edo lanbideak birsortzen dituzten erraldoien bitartez”.
Arabolaza (Irun, 1893), hasieratik, Irungo futbolari lotutako jokalaria izan zen. Irun FC taldean hasi zen eta 1909an Irungo Racing Cluben sartu zen. 1913an Espainiako Federazioak antolatutako Espainiako Kopako txapeldun izan zen. Gerora 1915ean sortutako Real Union taldeko izarretako bat izan zen hamarkada horren lehen erdian.