Dunboa kanala eraiki zuten 207 presoen omenezko plaka jarri dute
Irungo Udalak Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoaren eskaerari erantzun dio. 1942aren bukaeratik 1944aren hasiera bitartera frankismoko berrehun preso baino gehiagok lan egin zuten Olaberria erreka kanalizatzen.
Irungo Udalak Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoaren eskaerari erantzun berri dio, plaka bat jarri baitu Dunboa kanalean, hura eraikitzen lan egin zuten 207 presoen omenez. Aiala Oronoz irundarrak 2019an A pico y pala. Trabajos forzosos en Gipuzkoa. Destacamento penal de Irun liburua argitaratu zuen, 207 preso horien informazioa jaso zuen. Honen harira egin zuen eskaera elkarte errepublikanoak.
Irundarraren ikerketaren arabera, 1942aren bukaeratik 1944aren hasiera bitartera frankismoko berrehun preso baino gehiagok lan egin zuten Olaberria erreka kanalizatzen. Gehienak andaluziarrak, extremadurarrak eta asturiarrak ziren. Plakan 207 preso horien izenak ageri dira.
“Irun hiriak zor bat zuen errepresaliatuak izan ziren pertsona horiekin, eta zor hori kitatu egingo da. Bestalde, aitortu ere egiten da tokiko elkarte memorialistek nolako lana egiten duten Irungo Memoria Historikoa bultzatzen laguntzeko”, esan du Santi Jimenez udaleko ordezkariak.
HITZAk Oronoz elkarrizketatu zuen 2019an, eta gaiaren inguruko erreportajea ere egin zuen.