Itsasoari lotutako hamaika tailer, zozketa eta erakustaldi hilaren 29an
Itsasoratu jardunaldiak kirol kaia hartuko du hil bukaeran. Erakustaldi, tailer, zozketa eta deskontuz betetako jardunaldia izango da, "itsasoarekiko pasioaz eta aisialdi nautikoko hainbat jarduerez gozatzeko".

Iazko arrakasta ikusita, Hondarribiko Udalak eta Bidasoa Bizirikek Itsasoratu izeneko jardunaldia antolatu dute datorren hilaren 29rako (larunbata). Herriko aisialdi nautikoko hainbat jarduera jasoko ditu kirol kaiak. Denetik izango dela aurreratu du Maria Serrano Ekonomia Sustapen eta Turismoko zinegotziak. Erakustaldi, tailer, zozketa eta deskontuz betetako jardunaldia izango dela dio, “itsasoarekiko pasioaz eta aisialdi nautikoko hainbat jarduerez gozatzeko”.
14 enpresa bilduko dira hilaren 29an, 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Topaketa irekia eta doakoa izango da. Zozketak eta doako tailerrak ere aurreikusi dituzte, esaterao, kayakak, surfa, kirol arrantza, ur motorrak, SUP, bela eta eskola nautikoak.