Alardeko alokairuko babes ofizialeko etxeen esleipena, abian
Esleipen prozesuan izena emateko epea hilabetekoa da, deialdia eta oinarriak EHAAn argitaratzen direnetik hasita. Obrak bisitatu dituzte gaur udaleko zenbait ordezkarik.
IRUNVI Alarde eremuko etxebizitza publikoko bi bloke berriak eraikitzeko lanak bisitatu dituzte gaur Jose Antonio Santano alkateak, Miguel Angel Paez Hirigintzako ordezkariak eta Rebeca Gonzalez Etxebizitzako ordezkariak.
Bertan esan dutenez, “hilabete gutxi barru” alokairuko berrogeita hamar bat etxebizitza berri izango ditu eremuak, eta “funtsezko urrats” bezala definitu dute proiektua, “Irungo etxebizitza publikoaren parkeak hazten jarrai dezan”.
Eraikitzen ari diren babes ofizialeko 42 etxebizitzetan hasi dute bisita, Elizatxo hiribideko biribilgunearen parean. Obren %90a egina dagoela azaldu dute gaurko bisitan, “azken fasean” sartu direla.
Gero, Alarde kaleko 10 etxebizitzetako eraikinean izan dira, Lapitze kalearekiko izkinan. Obraren %60a egina dagoela esan dute. “Eraikin berezia” izango dela aurreratu du alkateak, “bat datorrelako azkenaldian hainbeste aipatzen ditugun ingurumen erronkekin eta energia aurreztearekin”. Eraikin honek “energia efizientzia handiagoa izatea eta kontsumoak minimizatzea” du helburu.
Eraikiko dituzten 52 etxebizitzak udarako bukatuta izatea aurreikusi du udalak.
Esleitzeko deialdia
Udaleko ordezkariek jakinarazi dute joan den asteazkenean onetsi zituztela IRUNVIk alokairuko babes ofizialeko 52 etxebizitza horiek esleitzeko deialdia eta oinarriak. Esleipen prozesuan parte hartzeko izena ematekoa epea hilabetekoa da, deialdia eta oinarriak EHAAn argitaratzen direnetik hasita. Hemen kontsulta daiteke.