Zaldunborda: Arartekoak udalari "belarritik tira egin" diola salatu du Eguzkik
Eguzki Talde Ekologistak salatu du Hondarribiko Udalak ez diola erantzun Zaldunbordako leheneratze proiektua enkargatzeko ekologistek irailaren 1ean egindako eskaerari. Ondorioz, Arartekoak Hondarribiko Udalari erantzun berri dio.
Eguzki Talde Ekologistak salatu du Hondarribiko Udalak ez diola erantzun Zaldunbordako leheneratze proiektua enkargatzeko ekologistek irailaren 1ean egindako eskaerari. Ondorioz, Arartekoak Hondarribiko Udalari erantzun berri dio, eta gogorarazi du “herritarrek administrazio ona izateko eskubidea dutela, eta eskubide horrek berekin dakarrela erakunde publikoek beren aurrean aurkezten diren idazkiak jaso dituztela adieraztea, baita planteatzen zaizkien arazo eta errekurtso guztiei zentzuz, modu arrazoituan eta hiru hilabeteko epean erantzuteko betebeharra”, esan dute Eguzkiko kideek.
Urtarrilean oraindik erantzunik ez zegoela ikusirik, Eguzkik Arartekora jo zuen, eta ekologisten arabera, “kexa egiaztatuta, belarritik tira egin dio udalari”.
Proiektuaren hastapenak gogorarazi ditu Eguzkik. Zaldunborda inguruan merkataritza gune handi bat eraikitzeko lanak hasi zirenen asko izan ziren proiektuaren kontra agertu zirenak. Lan horiek bertan behera utzi behar izan zituzten, EAEko Auzitegi Nagusiak Hondarribiko Plan Orokorra ezeztatu zuelako, eta ondorioz, proiektua legezko babesik gabe geratu zelako. Baina, Auzitegiak erabaki hori hartu baino lehen ere Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Departamentuak ohartarazia zuen “haltzadia nola edo hala zaindu egin behar zela”, diote ekologistek. Hain justu, 2021eko azaroan aurkeztutako txosten hura zuen oinarri Eguzkik irailean egindako eskaera horrek. Udala ezer egiten ari zela ikusteak bultzatu zuen Arartekora jotzea Eguzki.
Arartekora jo ondoren, erakundeak informazio eskaera egin zion udalari. Eta alkateak “beharrezkoa den errestaurazioa saihesten dituen hiru txosten” aurkeztu zituela diote, Plan Orokorrean ikusten zuelarik irtenbidea.
Ilegalki ezabatutako zuhaitz eremua “foku mediatikoa” zuen espazio batean egin zutela erantsi dute, “Hondarribiko pertsona askoren, elkarteen eta talde ekologisten salaketak ematen ziren bitartean”. Hau da, “atentatu ekologista hau ekidin zitekeela” uste dute ekologistek.
Azkenik, Eguzkik esan du haientzako lehentasuna dela “korridore ekologikoa birgaitzeko plan bat martxan jartzea, atzerapenik gabe”. “Lau urte pasa dira haltzadia ezabatu zenetik eta azken negu hau ere galdu dugu, lan hauek egiteko garai onena denean. Ez dago arrazoirik hainbeste atzeratzeko bistakoa den atentatu ekologista honen konpentsazioa”, erantsi dute.