HAPOren hasierako onarpenerako dokumentua aurkeztu du gobernu taldeak
Maria Serrano zinegotziak azaldu du gainerako alderdiekin batera landuko dutela dokumentua orain, eta apirileko osoko bilkurara eramango dutela horren hasierako onarpena.
Gaurko Udal Batzordean HAPOren hasierako onarpenerako dokumentua entregatu eta aurkeztu du gobernu taldeak. Maria Serrano zinegotziak esan duenez, gainerako alderdiekin batera lantzeko asmoa dute, eta apirileko osoko bilkurara eramango dute dokumentu horren hasierako onarpena, “gero administrazio publiko eskudunei jakinarazteko eta jendaurrean jartzeko”.
2022ko abuztuko Osoko Bilkuran HAPOren helburuak eta irizpideak onartu zituzten eta ordutik dokumentua idazteko lanean aritu da udal gobernua. Landu duten dokumentua “oso luzea” dela esan du Serranok, eta bertan datozen urteetan “hiriaren garapena definituko duten elementu asko” zehaztu dituztela.
Planaren garapenari esker, 1.652 etxebizitza eraikiko dituzte, gehienak publikoak, “etxebizitza publikoaren eskaerari erantzuteko” asmoz.
Jarduera ekonomikorako eremu berriei dagokionez, Zubietaren garapena nabarmendu du udalak, “Campus Teknologiko berria ezartzeko, aldundiarekin eta Parke Teknologikoaren lankidetzan”.
HAPOk ere Mendelu-Eskapatxulorako antolamendu bat ere jasotzen du, “plangintza berezi bat garatzea proposatuz, HAPOren izapidetzearekin paraleloa izan daitekeena”.
Dokumentuaren hasierako onarpena egin ondoren, administrazio publikoei helaraziko zaie, aldeko txotena eman dezaten. Eta legeak agintzen duen bezala, dokumentua jendaurrean aurkeztuko dute. Horri buruzko informazio gehiago aurrerago emango dute, herritarrek egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko aukera izango baitute.
Alegazio horiek ebatzi ondoren, HAPOn sartuko dira. Orduan behin-behinean onartuko den dokumentua Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordera eramango dute. Sortutako dokumentazio guztiari oniritzia eman ondoren, HAPO onartu beharko da Hondarribiko Udalaren Osoko Bilkuran, eta ondoren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela erantsi du zinegotziak.