Aurtengo aurrekontuak 12,4 milioi euro gehiago izango ditu
Aurtengo aurrekontuari 12,4 milioi euro gehitzea onartu zuen atzoko udalbatzak, kontrako botorik gabe. Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bilduren zenbait proposamen onartu zituzten.
Bi ordu eta erdi inguruko Ohiko Bilkura egin zuten atzo arratsaldea. Besteak beste, lehen kreditu aldaketaren bidez, 2023ko aurrekontuari 12,4 milioi euroko kopurua gehitzea onartu zuten. EAJk alde bozkatu zuen, eta Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bilduk abstentziora jo zuten. Maria Serrano zinegotziak eman zuen udal gobernuaren proposamenaren berri, eta oposizioko alderdiek aurkeztutako 11 proposamenekin osatu dutela esan zuen.
Abotsanitzen arabera, EAJren negoziaziorako jarrera “bakarrizketa” da, eta esan zuten alkatea ez dela negoziatzeko eta lankidetzarako gai. “Guk 7 milioi pasatxoko proposamena aurkeztu dugu, etxebizitzarekin lotutakoak, pertsonak eta elkarteekin zerikusia dutenak, ingurumena, mugikortasuna, ekipamenduekin eta euskararekin loturikoak ere badira”.
Abstentziorako jo zuen beste taldea PSE-EE izan zen. Jeltzaleen jarrera “inpositiboa” dela esan zuten. “Presupuestatzen diren kopuru asko ez dira gastatzen, kontinuismoa dago eta Gobernu Taldearen proposamenak ez die herriaren beharrei erantzuten. Guk ia 5 milioi euroko 36 proposamen egin ditugu, eta soilik sei onartu zaizkigu. Hori da gehiengo absolutua izateak daukana”.
EH Bilduk salatu zuen “urtero bezala, kontinuismo kutsu argia” dagoela. “Berdintasun teknikaririk ez da agertzen. Prozedura aldetik ez zaigu gustatzen bidea, horrelako proposamenak egiten direnean beste alderdiak kontutan hartzea faltan botatzen dugu. Egia da ere gero udal taldearekin komunikaziorako erraztasunak ditugula, baina ez erabakiak hartzerakoan gure iritzia ematea”.
Proposamenei dagokionez, Abotsanitzi lau proposamen onartu zizkioten (165.000 eurokoak), PSE-EEri sei (159.000 eurokoak) eta EH Bilduri bat (15.000 eurokoa).
Beste puntu batean, etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko kontratua urtebetez luzatzea ere adostu zuten, 707.006,37 euroko kopuruarekin. EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk alde egin zuten, eta Abotsanitz abstenitu egin zen, haien ustez, “estrukturalak diren zerbitzuak ez direlako azpikontratatu behar, eta udal langilego propioak egin behar duela” argudiatuz.