Abotsanitzek 27 emakume eta gizonez osatutako zerrenda aurkeztu du
Udalaren egungo egoera iraultzeko prest dagoen "talde parekidea" aurkeztu dute. "Udaleko dinamika politikoan aritua, administrazio kudeaketan esperientziaduna, ikuspegi sozial sendokoa eta herria sakon ezagutzen duen" taldea dela diote.
Abotsanitz taldeak prest du datorren maiatzeko udal hauteskundeetarako zerrenda. Gaur arratsaldean egindako ekitaldian aurkeztu dituzte zerrenda osatzen duten 27 lagunak. Talde “parekidea” aurkeztu dute, 14 emakume eta 13 gizonez osatutakoa (horietako batzuk ez dira argazkian ageri).
Taldeak dagoeneko 8 urte eman ditu Hondarribiko Udalean lanean, eta urte hauetan egindako lana “balioan jarri eta jarraipena eman” nahi diotela esan dute lehenik. Herritarrekin, eragileekin eta auzo elkarteekin “harreman estua” izan dutela diote, eta horrek aukera eman diela dituzten arazo eta gabeziak ezagutzeko. Bertan bizitzeko zailtasuna eta udalaren babes falta dira ateratako ondorio garbienak.
Hondarribiarrek udala urruti sentitzen dutela erantsi dute, eta harekiko harremanak errazak egiteko premiaz aritu dira. Udala “bihotza falta zaion egitura batean bihurtu” dela esan dute, “debate politikorik gabekoa, hobetzeko proposamenak egiteko espazioak itxi dituena, bakar batzuen mesedetan zentratua, legearen minimoak betetzen eta herritarren ongizateaz ahaztu dena”. Horiek urte luzeetako “inertzien ondorio sakonak” direla erantsi dute. Egoera irauli behar dela uste du taldeak, “udala modernizatuz, egitura eguneratuz eta sendotuz”.
Egoera hori iraultzeko honako giltzak proposatuko dituzte datozen hauteskundeetarako:
- Hondarribian bizi ahal izateko giltzak: Hiri eredua mahai gainean jarri eta babestutako etxebizitza lehenetsi nahi dute, mugikortasun eraginkorraren hausnarketa eta pedagogia eginez, lan sektoreen arteko oreka bilatuz, eta lehen eta bigarren sektoreak indartuz.
- Gizarte kohesiorako giltza: Gizarte zerbitzuak indartu nahi dituzte eta BAZ eredu berri bat eraikitzeko asmoa dute, “kudeaketa guztiak leku berean eta erraztasunez egin ahal izateko”. Berdintasun saila ere sortu nahi dute, eta teknikaria kontratatu.
- Herri nortasuna sendotzeko giltza: “Gure nortasuna gure ondareek definitzen dute: euskarak, natur baliabideek, arkitekturak, historiak, arte eta literaturak, sinesmenek, baloreek eta elkar bizitzak”, diote. Hauek babestu eta sustatzeko lan egingo dute.
- Herritarren osasuna bermatzeko giltza: Hondarribiko anbulatorioan espezialitate berriak jartzeko eskatuko dute eta osasun sistema duin bat aldarrikatuko dute. Kirola egiteko dauden instalazioen kudeaketaren inguruko debatea mahai gainean ere jarriko dute, eta prebentzio komunitario eguneratu baten alde lan egingo dutela hitz eman dute.
- Herritarrak asetuko dituen kudeaketarako giltza: Herritarren borondatea aintzat hartuko dituen aurrekontu erreal eta partehartzaileak eraiki behar direla diote. Aurrekontuak “betetzeko” daudela esan dute, eta horretarako, udal baliabideak “modu egokian erabiliko direla bermatu eta udalaren egitura eta lanpostuen egitura modernizatu behar” direla uste dute.
- Alardearen gatazka desblokeatzeko giltza: Alardearen “izaera publikoa” aldarrikatu du taldeak eta “orain arte gure lanketaren oinarriak izan direnei eutsiko” dietela diote: “zubiak eraikiz, elkarrizketa sutatuz, gatazkaren kudeaketa emozionalean sakontzen eta herria berriz kohesionatzen”.
Aipatutako proposamen hau aurrera eramateko “benetako giltza pertsonak” direla erantsi dute. Gaur aurkeztu duten taldeak “lanean jarraitzeko eta proiektua aurrera eramateko indarra” ematen diela erantsi dute.
Gaurkoan esan dutenez, herriko talde, eragile eta auzoetako ordezkaritza lortu dute zerrenda honekin. Emeki, Psilocybe eta Aiza kultur elkartea bezalako erakundeko kideak dituzte, baita kirolariak ere, auzokideak, arrantza sektorekoak, osasun sisteman lan egiten dutenak edo hezkuntza sistema irakasle eta pedagogoak, besteak beste.
Finean, “Hondarribiko Udaleko dinamika politikoan aritua, administrazio kudeaketan esperientziaduna, ikuspegi sozial sendokoa eta herria sakon ezagutzen duen” taldea aurkeztu dute gaurkoan. Ondorengoa da zerrenda osorik:
- 1: Igor Enparan Araneta.
- 2: Estitxu Urtizberea Sorzabal.
- 3: Guadalupe Queiruga Oronoz.
- 4: Aitzol Arroyo Tumas.
- 5: Josu Peña Alza.
- 6: Tamara Yaoska Sastre Castillo.
- 7: Ortzi Alonso Murelaga.
- 8: Ainhoa Perez Ancisar.
- 9: Iker De la Linde Garcia.
- 10: Maria Aranzazu Amunarriz Amunarriz.
- 11: Mª Jesus Bolaños Reyero.
- 12: Egoitz Alcaraz Franganillo.
- 13: Ane Carrera Queiruga.
- 14: Jose Angel Etxabe Iturzaeta.
- 15: Estibaliz Rubio Alkain.
- 16: M. Asuncion Gutierrez Etxeberria.
- 17: Mikel Alkain Goñi.
- 18: Mayi Errasti Jauregi.
- 19: Ainhoa Zabaleta Rueda.
- 20: Juan Antonio Cornejo Reyes.
- 21: Izaskun Eizagirre Egiguren.
- 22: Ibai Labayen Zapirain.
- 23: Pio Perez Aldasoro.
- 24: Kristina Alza Albistur.
- 25: Juan Ortiz Armendariz.
- 26: Xabier Agirre Artola.
- 27: Maria Jesus Larrarte Kanpandegi.