Kreditu aldaketaren proposamena nahikoa ez dela uste du PSE-EEk
Biharko plenoan abstentziora joko dute sozialistek, "2023ko modifikazioa eta aurrekontuek ez dietelako hondarribiarren arazo errealei erantzuten" haien ustez.
12.418.532,48 euroko kopurua onartzea eramango du biharko (hilak 30) plenora Hondarribiko udal gobernuak. Gainerako alderdiek bezalaxe, PSE-EE taldeak zenbait proposamen egin zituen joan den astean, eta horietako batzuk onartu dituzte dagoeneko jeltzaleek. Sozialistek egindako 36 proposamenetatik 5 onartu ditu udal gobernuak, 159.000 eurokoak.
Sozialistek ohar batean azaldu dutenez, 12 milioi euro inguruko kreditu aldaketa hori “handia” bada ere, nahikoa ez dela diote. 2023an osotasunez egitea eskatu diote udal gobernuari, eta udal gobernu berria zian dadila hauen exekuzioaren arduradun.
Kexu dira proposamen asko alde batera utzi dituztelako, tartean, izaera sozialeko proposamenak, autobus urbanoarena edota etxebizitzarako laguntzena. Kreditu aldaketa proposamen honetan etxebizitza publikorako “euro bakar bat ere” ez dela aurreikusten salatu dute.
“Proposatzen zaiguna ez da nahikoa berriro. 2023ko modifikazioa eta aurrekontuek ez diete hondarribiarren arazo errealei erantzuten. Bide kontinuista batean jarraitzen dugu eta beldur gara ea ez ote den hitz emandakoa egiten”.
Horregatik abstentziora joko dute biharko plenoan.