Gobernu taldeak 12,4 milioi euroko proposamena eramango du osteguneko plenora
Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bilduren zenbait proposamen onartu ditu dagoeneko udal gobernuak. Zortzi puntu eztabaidatuko dituzte.
Hondarribiko udal gobernuak 12.418.532,48 euroko kopurua onartzea eramango du osteguneko (hilak 30) plenora. Arratsaldean egingo duten saioan zortzi puntu eztabaidatuko dituzte. Horietako bi 2022ko aurrekontuaren likidazioaren berri ematea eta aurtengo aurrekontuari 12,41 milioi euroko kopurua gehitzea izango dela esan du Txomin Sagarzazu alkateak, lehen kreditu aldaketaren bitartez.
Hilaren 16ko Ogasun Batzordean gaia landu zuten, udal gobernuak bere proposamena eraman zuen. Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bilduk zenbait proposamen egin zituzten, eta alkateak esan du oposizioko taldeen proposamenek “udalaren lehen kreditu aldaketa hau aberastu” dutela.
“Agintaldi berria ekainean hasiko denez, uste dugu erantzukizunez jokatzea dela martxo bukaeran kreditu aldaketa hau proposatzea ekainetik bertatik aurrera izango baitugu udal gobernu berriak esku erara kreditu aldaketa honetan jasotako partidak. Horrek ez du esan nahi inolaz ere udal gobernu berriak bere lehentasunen arabera ezin izango duenik beste kreditu aldaketarik egin, baina abian diren hainbat proiektu gauzatzeari eta herritarrei zerbitzu ematen jarraitzeari ematen diogu axola handiena ekimen honen bidez”, erantsi du Sagarzazuk.