San Migel-Anakan "urrats erraldoia" emateko prest
Eremuaren garapenerako "dena prest" dutela dio Irungo Udalak, behin betiko onespena eman baitiote proiektuari. Proiektuarekin "auzo berri bat" sortuko dute.
Irungo Udalak jakinarazi berri du aste honetan San Migel-Anaka eremua birplanteatzeko proiektuari hasierako onespena eman diotela. Behin betiko onespen honekin, argi berdea emango diete obrei, “eremua urbanizatzeko eta babes publikoko lehen etxebizitzak eraikitzeko”. Udalak eremuan “urrats erraldoia” emango duela dio. “San Migel Anakan beste fase batera igarotzeko urrats honen zain geunden. Orain, obrak hasiko dira eta makinak lanean ikusiko ditugu. Aukera oso interesgarriak irekiko dira auzoarentzat eta hiri osoarentzat, ekipamendu berriak eta etxebizitza publikook bloke handi bat izango baitugu”, diote udaleko iturriek.
20.675.195,32 euroko aurrekontua dute proiekturako, eta urte honetan bertan hasiko dituzte lanak.
Proiektuarekin “auzo berri bat” sortuko dutela gaineratu du udalak. “Bere ertzetako hiri bilbe irregularra integratutakoan, Anaka eta San Migel auzoak lotuko ditu, Irun hiriaren iparraldea eraldatuko du eta beste hiru eredu bat bihurtuko du, konektatuagoa eta eraginkorragoa”.
Donostia kalean hasiko dituzte urbanizazio obrak, eta eremu guztira zabalduko dituzte gero. 1.175 etxebizitza eraikiko dituzte orotara, eta horietatik 887 babes publikokoak izango dira. Auzorako ekipamenduak ere eraikiko dituzte, hala nola, igerileku publikoak eta bestelako kirol instalakuntzak.
Proiektua bukatzeko, eraztun perimetral bat sortuko dute (Donostia, Anaka eta Jaizkibel kalea eta Letxunborro hiribidea) eta horri Luis de Uranzuren luzapena gehituko zaio. Donostia kalea “hiribide zabal bat bihurtuko ” dela dio udalak, eta berdeguneak izango dituela.