Hiru urteren ondoren, Irun Hiria LXV. Mus Txapelketak baditu irabazleak
2020aren hasieran hasi zen Irungo Atsegiñaren txapelketa, pandemiagatik eten egin behar izan zuten, eta igandean jokatu zituzten finalak.
2020aren hastearekin batera ekin zion Irungo Atsegiñak Irun Hiria LXV. Mus Txapelketa antolatzeari. Urte hartako martxoan pandemia iritsi zen, eta zintzilik geratu zen txapelketa. Bada 2023ko hilaren 19an, joan den igandean hain zuzen ere, 2020an hasitako bidea itxi egin zen: mus txapelketa horren finalak jokatu zituzten.
Irabazleak Arantxa taberna ordezkatu zuten Jose Mari eta Javi izan ziren. Haien kontra finalean Legia akademiako taldeko kide Pedro eta Justi aritu ziren. Hirugarren postua, berriz, Urme higiezinen agentziako ordezkari Parra-Julio bikoarentzat izan zen.
Inoiz ezagutu den mus txapelketa luzeena izan daitekeenaren sari banaketa ekitaldian hilaren 24an (ostirala) egingo dute Irungo Atsegiñaren egoitzan, 20:00etan hasita. Sariak banatuta, afaltzera bilduko dira duela hiru urte bidea hasi zuten mus jokalari guztiak.