Iñaki Goikoetxea, Real Unioneko entrenatzaile berria

David Movilla kargutik kendu ondoren, Goikoetxea sasoiko hirugarren prestatzailea izango da. Talde txuribeltza jaitsiera postuetan dago, eta maila mantentzeko helburu argia izango du.

Argazkia: Real Union.

Real Unioneko Administrazio Kontseiluak jakinarazi du David Movilla entrenatzaile kargutik kendu duela. Txuribeltzak sailkapeneko hamaseigarren postuan dira, jaitsiera postuetan, beheko postuetatik burua atera ezinda. Karguan egon den denboran, hamalau partida zuzendu ditu Movillak, lau garaipen, bi berdinketa eta zortzi porroteko balantzearekin. Klubak prestatzailearen profesionaltasuna eskertu eta etorkizunean onena opa dio.

Movillak, jada, badu ordezkoa Stadium Galeko aulkian: Iñaki Goikoetxea. Real Unioneko jokalari ohiak denboraldi bukaera bitartean zuzenduko du klub irundarra, eta zuzendu du dagoeneko bere lehen entrenamendua. Profesional bezala urte luzeko ibilbidea osatu ondoren, 2017an erretiratu zen Baionako Avironen. 2015 eta 2018 artean Real Unioneko bigarren entrenatzailea izan zen, eta 2018ko uztailean Realaren lantalde teknikoan sartu zen.

Denboraldi hasieran Real Unionera itzuli zen teknikari gisa, klubeko analisi saila indartzeko. Lehen taldearen ardura ere hartu zuen jardunaldi batez, klubak Aitor Zulaika kargutik kendu zuenean. Soriako Los Pajaritos zelaiko aulkian zuzendu zuen Numantziaren aurkako partida hura, eta txuribeltzak 0-2 nagusitu ziren.

Zulaika eta Movillaren ondoren, Goikoetxea gizonen talde nagusiaren sasoiko hirugarren entrenatzailea izango da. Helburu argia izango du: mailari eustea. Momentu honetan, hamaika partidaren faltan, salbazioko postuak puntu bakarrera ditu Real Unionek, liga oso berdindua baitago. Goikoetxea larunbatean estreinatuko da Stadium Galeko aulkian. Txuribeltzek Bartzelona B jasoko dute 19:00etan.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.