Hasi dira Jenaro Etxeandia plazatxo berria sortzeko lanak
Zatika egiten ari dira lan hauek jende andana igarotzen den ingurua delako. Itxura berriagatik Laliren eta ONCEren kioskoak lekualdatuko dituzte plazatxoko beste puntu batera.

Iazko uztailean hasi zituzten udaletxe inguruko hainbat kale oinezkoentzat soilik bilakatzeko lanak. Zehazki, Berrotaran, Legia eta Foru karrikak dira horiek, eta orain Jenaro Etxeandia plazatxoaren berritze lanekin hasiko dira.
Obren hasieran plazatxoko elementu batzuk eraitsi dituzte. Lan hori zatika egin dute hiritar askoren joan etorria duen ingurua delako Jenaro Etxeandia plazatxoa.
Azken emaitzaren xehetasunetara jota udalak dio parterre handi bat instalatuko dutela plazaren erdian, eta haren ertzaren zati batean, banku luze bat eraikiko dute. “Hormigoizkoa izango da, eta eserlekuak eta bizkarraldeak, egurrezkoak”.
Estetikari dagokionez, zoladura Foru karrikakoaren berdina izango da eta argiztapena San Juan plazakoa bezalakoa, zutabe fokudun bidezkoa.
Bertan dagoen Laliren kioskoa lekualdatu egingo dute plazatxoko iskina batetara, eta beraz, kioskoak biziko duen bigarren lekualdatzea izango da. Era berean, ONCEren postutxoa ere tokiz mugitu beharko dute. Bertako komun publikoak berriago batzuekin ordeztuko dituzte eta beste puntu batean kokatu.