Emaitza bikainekin itzuli da Santiagotarrak
Gipuzkoako 5.000 metroko Txapelketan eta Euskadiko lehen konfrontazioan lehiatu ziren irundarrak, eta domina askorekin eta emaitza paregabeekin itzuli dira etxera.
Iragan asteburuan Gipuzkoako 5.000 metroko Txapelketa eta Euskadiko lehen konfrontazioa lehiatu ziren, Zumaian eta Legution, hurrenez hurren. Santiagotarrakeko arraunlari eta ontzi askok hartu zuten parte, eta klub irundarra domina askorekin eta emaitza paregabeekin itzuli da etxera.
Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, kirolari ugari igo ziren podiumera. Orotara, hamahiru domina erdietsi zituzten irundarrek, eta kluben sailkapenean lehen postuan sailkatu ziren. Gizonen 23 urtez azpiko txapelketan, Santiagotarrakeko hiru kide sailkatu ziren lehen hiru postuetan: Aimar Amundarainek irabazi zuen, Unai Amostegi izan zen bigarren, eta Mikel Larrarte, hirugarren. Jubeniletan ere klubeko hiru ordezkari izan ziren lehen hiruak: Aimar Platero, Alex Arana eta Iñigo Irastorza. Kadeteetan Odei Gelbenzu nagusitu zen; eta beteranoetan, aldiz, Asier Ursuak brontzezko domina lortu zuen.
Emakumeen 23 urtez azpiko txapelketan bi domina lortu zituzten: Nerea Garcia izan zen txapeldun, eta Uxue Arsuaga hirugarren postuan sailkatu zen. Jubenil mailan Ane Amostegi nagusitu zen, eta Maite Gorrotxategik brontzezko domina erdietsi zuen. Kadeteetan, berriz, Eneritz Aizpioleak lortu zuen urrezko domina.
Asteburu honetan neguko Espainiako Txapelketak lehiatuko dira Sevillan, klubeko hainbat piraguistarekin.
Legution ere, bikain
Santiagotarrakeko aulki mugikorreko taldeak Euskadiko lehen konfrontazioan aritu ziren igandean. Irundarrez gain, Ur Joko, Lutxana, Raspas, Getxo, Hondarribia, San Juan, Arraun Lagunak eta Ur Kirolaken ontziek hartu zuten parte Legution, Euskadiko Arraun Federazioak antolatutako estropadan.
Orotara, 400 arraunlari eta 150 ontzi inguruk hartu zuten parte. Santiagotarrak 66 kirolari eta 35 ontzirekin lehiatu zen. Honakoak izan ziren garaipena lortu zuten kirolariak:
- Infantil mutilen skull bikoitza: Unai Arcelus eta Asier Yague.
- Infantil mutilen skull laukoitza: Julen Cerro, Erro Lurgain, Thomas Aguado eta Unai Martiarena.
- Jubenil nesken skull bikoitza: Julene Bengoetxea eta Elaia Saenz.
- Nesken skiff maila: Aitzpea Gonzalez.
Aulki mugikorreko taldeen hurrengo estropada larunbatean lehiatuko da. Santiagotarrakeko kirolariak Gipuzkoako Ligako bigarren estropadan arituko dira, Orion.