Alei eremuko hiru partzela erabiliko dituzte etxebizitzak egiteko. Aldi berean, ingurua berrurbanizatuko dute.

Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena egin dute, Alei eremuan babes publikoko 60 etxebizitza egiteko. Alokairuzkoak izango dira etxebizitza horiek, eta aldi berean, ingurua berrurbanizatuko dute. Eremu horretako hiru partzela erabiliko dituzte, osotara 12.174 metro koadroko azalerarekin.
Jose Antonio Santano alkateak, eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak hirigintza aktuazioaren garrantzia nabarmendu dute. Batetik, etxebizitza publikoen eskaintza handitzen delako, eta bestetik, alkatearen esanetan, “hirigunera sartzeko zonalde bat errematatuko” delako. Arriolak, bere aldetik, esan du akordioarekin irundarrei premiei aurre egingo zaiela, eta balioa eman dio erakundeen arteko elkarlanari: “2017tik, 16,34 milioiko inbertsioarekin 160 etxebizitza baino gehiago sustatu ditugu Irunen”.
Etxebizitzak eraikitzeaz Jaurlaritza arduratuko da. Irungo Udala, berriz, urbanizazioaz arduratuko da, eta horren barruan sartzen da Elizatxo hiribidean beste biribilgune bat eraikitzea, puntu horretan hirirako sarbideak hobetu daitezen.