Mendelu auzoaren egoerari buruz aritzeko bigarren bilera egingo dute etzi
Bileran, gobernuko kideez gain, talde politiko guztietako ordezkariak eta Mendelu Zaharra Elkarteko kideak izango dira. Udaletxean bilduko dira.
Ostegunean (hilak 9), Mendelu auzoari buruz aritzeko lan mahaiaren bigarren bilkura egingo dutela jakinarazi du Gonzalo Carrion Zerbitzuetako zinegotziak. Bertan, gobernuko kideez gain, talde politiko guztietako ordezkariak eta Mendelu Zaharra Elkarteko kideak izango dira. 10:30ean bilduko dira, udaletxeko areto nagusian.
Honako helburuak ditu ostegunekoak: auzoko etxebizitzak birgaitzeko aukerak aztertzea eta baloratzea; Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin lankidetzan aritzeko formula finkatzea; eta auzoa berrurbanizatzeko aukerak aztertzea.