200 artista bilduko dira Jostaldin, ikuskizun berezi batean
'Bidaia' izeneko ikuskizuna sortu du Rene Zugarramurdik, estreinakoz ikusi ahal izango da herrian. Musika, kantuak, efektu bisualak eta argazkigintza nahastuko ditu.
Jostaldi Pilotalekuak ikuskizun berezia jasoko du larunbatean. 19:30etik aurrera, Rene Zugarramurdiren Bidaia emanaldi berezia eskainiko dute. Gaur aurkeztu dute larunbatekoa, Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia, Rene Zugarramurdi eta Hondarribiko Musika eta Dantza Eskola eta Eskifaia Abesbatzako kideak.
Pandemia aurretik hasi ziren emanaldi honetan lanean, hala gogorarazi du Silanesek, baina atzeratu behar izan zutela esan du. Urtarrilean zuten aurkezteko asmoa, baina euritee ondorioz pilotalekuak jasandako kalteek bertan behera utzi zuten saioa. Halere, urtarrilerako sarrera dutenek ziurtatuta izango dute larunbateko sarrera.
Abesbatza eta orkestrentzat pentsatutako ikuskizuna sortu du Zugarramurdik. Bost zatitan banatu du lana, eta horietan euskal lurraldearekin lotutako aldi historiko garrantzitsuenak erakutsiko ditu. Historiaurretik gaur egunera egingo dute bidaia ikusleek. Lana taularatzeko, 200 musikari eta abeslari igoko dira, Euskal Herri osotik etorritakoak. Besteak beste, herriko Eskifaia abesbatzak parte hartuko du, baita herriko zenbait haurrek.
Ordu eta erdi inguruko iraupena izango du ikuskizunak. “Bidaia kontakizun historiko bat baino gehiago da. Musika, kantuak, efektu bisualak eta argazkigintza nahasten dituen bidaia bat da, denboran eta espazioan”. Hala laburbildu dute antolatzaileek larunbatekoa.