Abotsanitz, "oso pozik", taldeak aurkeztutako bi mozioak onartu direlako
"Oso pozik" agertu dira taldekoak, haiek aurkeztutako bi mozioei esker, "herritarrei erraztasun gehiago eta babes handiagoa emango" dietelako.
Joan den astean udalbatzaren osoko bilkurak, beste batzuen artean, Abotsanitz taldeak aurkeztutako bi proposamen onartu zituen. Kirol Txartela Mugiment egitasmora atxikitzeari buruzkoa izan zen onartutako lehen mozioa, eta errolda sozialari buruzkoa bigarrena. “Oso pozik” agertu dira taldekoak, haiek aurkeztutako bi mozio horiei esker, “herritarrei erraztasun gehiago eta babes handiagoa emango diegulako”.
Onartutako lehen mozioari esker, hondarribiarrek programa honi atxikitako 151 instalazioz gozatu ahal izango dute. Bigarrenari esker, berriz, errolda sozial honen bitartez, kalean bizi direnak eta infraetxeetan bizi direnak erroldatzeko aukera izango dutela nabarmendu du taldeak. Gainera, nortasuna justifikatzeko agiriak indarrean ez dituzten edo agiririk ez duten lagunen kasuak aztertzeko konpromisoa ere hartu du udalbatzak, taldekoen arabera, “hauek gehienetan migratuak eta emakumeak baitira”.
Azkenik, 2022an Abotsanitzen egitasmoz onartutako kirol eremuaren desafekzioa eskatzeko “borondate politikoa berretsi” dela erantsi dute, EAJk sartutako mozio baten ondorioz.

