Frankismo garaira itzuliko dira hondarribiarrak, Memoria Eginez egitasmoarekin
1936ko gerraren ondoren hiriak pairatutakoak gogoratzeko hiru ekintza antolatu dituzte datozen asteetarako. Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztiek elkarlanean antolatu dute.
Memoria Eginez izeneko ekintza sorta antolatu dute datozen egunetarako Bizikidetza Batzordean ordezkatuta dauden taldeek. Gaur aurkeztu dute egitaraua EAJko Maria Serranok, Abotsanitzeko Igor Enparanek, PSE-EEko Iosu Alvarezek eta EH Bilduko Xabier Bengoetxeak. Frankismo garaira itzultzeko ekitaldiak izango direla aurreratu dute, “ezagutu eta egun eman beharreko pausu batzuk aztertu eta bideratzeko” asmoz. Garai hartan herrian gertatutakoa “ezagutu eta ikuspegiak partekatzeko” baliatuko dituzte ekintza horiek. Hiru izango dira orotara.
Lehenik, herriko hiru ikastetxeekin adostuta, bisita gidatua egingo dute DBH 4. mailako ikasleek igandean (hilak 6). Hondarribiko memoria lekuak bisitatuko dituzte, “1936ean erbesteratutako hondarribiarren bizipenak eta hurrengo urteetan hirian bertan gertatutakoak ezagutzeko”.
Bigarrenik, bisita gidatu gehiago antolatu dituzte hilaren 5, 12 eta 2rako (11:30ean). 2021eko Memoriaren Astean egin bezala, Harresilanda kaletik abiatuko dira. 1936an izandako estatu kolpeak eta ondorengo urteak herrian nolako eragina izan zuten ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Aditu bat izango dute alboan hondarribiarrek. Izena eman beharko dela aurreratu dute, Arma Plazako turismo bulegoan.
Hirugarrenik, Giza eskubideen urraketak. Entre dos dictaduras izeneko mahai ingurua egingo dute hilaren 10ean (ostirala da), 19:00etan, kultur etxean. Herriko historia gehien ikertu duten adituek gidatuko dute. “Frankismo garaira gerturatuko gara: alde batetik, bizi zen testuingurua, garai hartan hiriak jasandako eraldaketa, hori guzia ahalbidetu zuten protagonista ezagunak, eta garai hartan izandako beste protagonista ezezagun eta ahaztuak ere gogora ekarri nahi ditugu”, erantsi dute udaleko iturriek. Bestalde, iaz onartutako Memoria Demokratikoaren Legera ere gerturatuko dira, “bere eraginaz hitz egiteko” asmoz.
Azkenik, Ana Azpiri, Aitzol Arroyo, Pedro Barruso, Joserra Enparan eta Koldo Ortega historialariei eskerrak eman dizkiete talde guztiek, “beraien proposamen eta ekarpenengatik”. Hauez gain, Talaia Eskola, Ama Guadalupekoa ikastetxea, Egiluze ikastetxea eta hondarribiarrei ere esker mezua helarazi diete.