[Elkarrizketa] “Lehen unetik gauza txiki eta handi asko egiten ari gara”
Irungo futbol taldearen gidaritza 2021eko ekainean hartu zuten Emeryk eta haren lantaldeak. Euren asmo nagusiena da kirol elkartea berregituratzea, Bidasora zabalduz.
2021eko ekainetik zara Real Unionen Administrazio Kontseiluko presidentea. Nolakoak izan dira hilabete hauek?
Lan askokoak, batez ere eraikuntza lan askokoak. Lehen unetik gauza txiki eta handi asko egiten ari gara. Horrela jarraitzen dugu. Kluba eraikitzen ari gara, jakinda oraindik ere gauza asko berregin behar direla, gu iritsi arte hautsita edo desegituratuta zeudelako. Baina era berean, eraikitzea eta ilusioa piztea dago gure zereginaren oinarrian, Real Unionek itzalita zuen hori berriz ere suspertzen ari gara.
Agintaritzara iristean, bi alor edo ardatz nagusi banandu zenituzten.
Horretan jarraitzen dugu. Ardatzetako bat da kirol elkarte osoa berregituratu eta berreraikitzea. Gero, epe laburrera begira, lehen taldeari indarra ematen saiatzen ari gara. Berreraikitzearen ideia ez da bakarrik harrobira begirakoa; klubaren barne egitura ere biziberritzen ari gara, eta hori, baliabideen aldetik harago doa: bertako langileen mentalitatean ere eragin nahi dugu. Eta hori ez da egun batetik bestera aldatzen. Horregatik diot epe laburrera begira lehen taldeak kirol arloan emaitza onak lor ditzala saiatzen ari garela, lehen taldea delako dugun erreferentzia nagusiena; baina etorkizunari begira lan asko dago egiteko bai harrobian, zein klubaren erraietan.
Bidasoa mailan eragiteko aukerari ere indarra eman diozue.
Lehenik Irunen bertan, bertako klubekin-eta harreman estuagoak izan nahi ditugu. Hortik aurrera ere Hondarribira, Berara, Lesakara, Hendaiara edo Ipar Euskal Herrira zabaldu nahi dugu. Burua altxatu nahi dugu, eta inguru osoa begiratu. Izan ere, inguruan dugun guztia oso gertu dugu. Ni, adibidez, Hondarribikoa naiz, Hendaian bizi naiz, eta Irungo klubaren presidente naiz. Bidasoa bailara bat da, baina esan daiteke hiri handi bat bezalakoa dela.
Baina bailarako klub bakoitzak bere egiteko era edo pentsamendua izango du. Nola gara daiteke elkarlan hori?
Hitz egiten eta kolaborazio esparruak bilatzen. Gu haiek laguntzen, eta guk laguntza behar dugunean eskatzen. Baina denak maila berdinean, komunikazio horrek berdintasunezkoa izan behar du. Gu ez gaude goian, eta haiek behean. Ez. Hitz eginez zerbait eraikitzeko aukera dago. Egia da harreman horiek guztiak ez direla errazak, adibidez Irunen talde asko daudelako. Baina lortzen ari gara pixkanaka gauzak aurrera ateratzea: Mariñorekin emakumeen futbolaren gainean hitz egiten ari gara, adibidez; San Marcial klubarekin beste gauza batzuetan gabiltza kolaboratzen; beste talde batzuk ere gure instalazioak erabiltzen dituzte… Ezeren truke ari gara lanean. Besterik gabe, suntsituta zeuden harremanak berreskuratu nahi eta behar ditugu, eta hori inbertsioa egitea da guretzat. Zer garen aurkezten diegu, baita zer egin nahi dugun ere. Baina batez ere hitz egin behar dugu.
Klubean bertako jendea izateari garrantzia ematen diozue.
Etxeko jendearekin lan egiten dugu batez ere. Langile gehienak bertakoak dira, baita Administrazio Kontseiluko kideak ere. Gero eta langile gehiago dauzkagu, hazten jarraitzeko langile eta esku gehiago behar ditugulako. Baina etxeko jendearekin hazi nahi dugu, ez bakarrik Irungo jendearekin, baizik eta bailara osoko jendearekin. Zabaltzeko espiritua dugu, hemengo jende prestatuarekin.
Irun Gipuzkoako bigarren hiria da, bailara ere zabala da. Zein da, gaur egungo futbolaren panoraman, zure ustez Real Unionek egon beharko lukeen tokia?
Argi dagoena da zein den Real Unionen historia. Armarria begiratzea besterik ez dago. Lehen izan zuen tokia oso-oso garrantzizkoa izan zen, goi-goian izan zen kluba garai batean. Egun, orduko maila hori berreskuratzea ez da erreala, hori badakigu. Baina gure lekua da, nire ustez, non gauden ikustea eta toki txarrean ez gaudela erreparatzea, batez ere lehen taldeari dagokionez. Barne antolaketa eta harrobia hobetu behar ditugu. Eta hori hobetzen bada, hazten joango gara, handituko gara.
Horrekin lotuta, Euskal Herrian eredu onak ditugu, Eibarrena adibidez. Duela hamar urte Eibar eta Real Union leku berberean zeuden. Baina haiek gauzak ondo eginez lehen mailara iritsi dira, nahiz eta Eibarrek 30.000 biztanle izan. Irunek 60.000 biztanle ditu, eta Bidasoko bailarak orokorrean 100.000. Hau da, gauzak ondo eginda, eta norberaren nortasuna mantenduta, agian horraino irits zaitezke. Sekulakoa egin du Eibarrek, gauzak oso ongi egin dituelako.
Baina hemen, Irunen, beste eredu oso on bat dugu, nahiz eta beste kirol batekoa izan: Bidasoa eskubaloi taldea. Zailtasunak zituen taldeak, gaixorik zegoen. Gurutz eta Julen Aginagaldek egin duten proiektuak sekulako meritua du. Goian jarri dute berriz ere taldea. Lortu dute Europara maiztasunez iristea, eta Bartzelonaren atzetik Asobal Ligako bigarren talde izatea, gainera, harrobiko jokalari askorekin. Gurutz Aginagaldek [Bidasoako presidentea] esan zidan barne-lan handia egiten ari direla, eta tartean, eskatu zidan Bidasoa hiru hitzekin definitzeko. Nik historia, harrobia, eta etorkizuna esan nizkion. Hiru kontzeptu horiek Real Unionentzako ere balio dutela konturatu nintzen; horiek dira gutxi gorabehera gure hiru ardatz nagusiak.
Beste eredu bat, hemengoa ere bai: Bidasoa Atletismo Taldeak (BAT) lortu du talde amateurra izatetik, egitura profesional batera jauzi egitea. Hori ere oso aipagarria da.
«Suntsituta zeuden harremanak berreskuratu nahi eta behar ditugu»
Vila-Realek 60.000 biztanle baino gutxiago ditu…
Han, 20 urte baino gehixeago dira Roig familia klub hartan sartu zela. Eta Europako txapelketa bat irabazteko 20 urte behar izan dituzte. Egia da haien eredua ez dela gurearen berbera, harrobiko eredu diferenteak ditugulako eta inguruan konpetentzia handia dutelako Valentziarekin edo Castellorekin. Baina oso eredu ona da guretzat Vila-Realena.
Harrobiaz hitz egin duzula, zaila al da bertako jokalariek klubean jarraitzea?
Gure arazoa da Irungo jokalari asko, Gazte Mailan edo kadeteetan adibidez, Donostiara joaten direla, bai Antiguokora, Kostkasera, Vasconiara, edo beste maila batean dagoen Realera. Horren arrazoia da hemen aurretik gauzak oso gaizki egin zirela, alde batera utzi zelako harrobi lana. Hori berreskuratzeko denbora bat behar da. Epe laburrera saia gaitezke Gazte eta Kadete mailetako taldeak indartzen, ea mailaren bat gora egin dezaketen. Baina batez ere gure fokua eskolan dago jarrita: iaz 70 haur izan genituen, eta aurten bikoitza dira. Hortik, eskolatik, atera behar da etorkizuneko Real Union. Harrobi indartsuagoarekin, entrenatzaileekin egiten ari garen formazio lanarekin, gurasoekin balioen aldetik ere egiten ari garen jarduerekin etorkizunari begira Real Union ezberdina eta indartsuagoa izango da. Gu izan behar gara, gauzak ongi eginda, Bidasoaldeko erreferentea.
Emakumeen futbola indarra hartzen ari da. Baina Unionek ez du emakumeen egiturarik.
Iritsi ginenean, gure asmoetako bat zen emakumeen futboleko proiektu bat egitea. Erne: talde bat egitea ez; proiektu bat garatzea. Iritsi ginenean, ordea, ez genuen argi proiektu hori nola gauzatu. Iaz bilera dezente izan genituen gaiari heltzeko, bai gure artean, bai eta Realarekin nahiz Mariñorekin, jakiteko nola garatu proiektu bat. Mariñorekin hitz egin genuenean elkarren artean proiektu bat egiteko aukera sortu zen. Hemendik gutxira iritsiko dira horren gaineko albiste gehiago. Baina esandakoa: gure asmoen artean ez dago talde zehatz bat sortzea; proiektu oso bat garatu nahi dugu. Irungo eta bailarako proiektu bat. Horren lanketaren azken txanpan gaude.
Realarekin hitzarmena duzue. Zer-nolako harremana duzue haiekin? Onuragarria al da zuentzat?
Oso ona. Real Unionentzat azken urte hauetan Reala oso garrantzitsua izan da. Hitzarmen hori benetan ona da guretzat. Gu sartu baino lehenago hitzarmen hori beste lau urterako berritu zuten, eta gustura gaude. Adibidez, Jose Ramon Fernandez Barrena Uvesco taldeko zuzendari orokor irundarra, Realeko Administrazio Kontseiluko kide da, eta jakin badakit Realean gure aldeko lan handia egiten duela. Hori eskertu beharra dago.
Agian, orain, gure lehen talderako ez dizkigute hainbeste jokalari utzi, baina egoera egokiak ez direlako suertatu izan da hori, kirol arloko erabakiak izan direlako: hau da, haiek uzteko zituzten jokalarien postuak beteta genituen guk.
Itxura aldatua du orain Gal estadioak, biziberritzea behar zuela garbi zenuten eta hala eskatu zenioten udalari.
1997tik ez zegoen deus ere aldatua Gal estadioan, beharrezkoa zen aldaketa, eta ez bakarrik Lehen Federazio Mailarako eskatzen dizkiguten baldintzengatik. Eserleku guztiak, 4.000, berriak dira. Bazen garaia. Uste dut emaitza ona lortu dela egin diren lanekin, itxura potentea du zelaiak, gure historiaren ikur diren elementuak daude estadioan zehar irudikatuak, gure leloak ere hor daude… Uste dut jendea gustura etorriko dela; orain behar duguna da jende gehiago erakartzea, eta taldearekin bat egitea. Taldearekin, partidekin eta giroarekin goza dezatela.
«Etxeko jendearekin egiten dugu lan batez ere»
Euskara Plana egin berri duzue.
Klub euskalduna garela erakutsi behar dugu. Erakunde bat gara finean, eta hor lan handia dugu egiteko, bai barruan, baina kanpora begira ere. Aurrera urratsak egin behar ditugu euskararekin, eta hori hitzez soilik ez dugu adierazi behar, egiten ditugun gauzekin ere bai. Gauzak euskaraz ere egiten ditugula azaldu nahi dugu. Real Unionek urratsa egin du aurrera, sentitzen dugulako, eta nik pertsonalki ere erantzukizun hori barneratua dudalako.
Real Unionen zuzendaritzara iristeko, konpromiso familiarra zenutela ere azaldu zenuten.
Aitona eta aita Real Unioneko jokalari izan ziren. Hona iristeko ditugun arrazoien ia %100a da gure bihotzeko kluba dela. Horrez gain, uste dugu hemen potentzial oso handia dagoela proiektu on bat garatzeko. Lehen Eibar aipatu dut. Uste dut Eibarrek hori lortu badu, guk hemen ditugun baliabideekin eta etorriko diren proiektuekin elkarlanean, egitasmo honek etorkizuna duela. Taldeak historia handia du, gure familia horren parte da, baina honek potentzial handia du, etorkizun ikaragarria.
«Gure asmoen artean ez dago emakumeen talde zehatz bat sortzea; proiektu oso bat garatu nahi dugu»
Unai Emery anaiak Birmingham-etik deiak egiten al dizkizu?
Babes handia ematen ari da. Aholkuak, noski, ematen dizkigu. Egunerokoaren gaineko informazioa ere eskatzen digu, zein erabaki hartzen ari diren eta horrelakoak. Atzo bertan [astelehenean] hots egin zidan, administrazio kontseiluaren bilera nola joan zen galdetzeko. Hau da, ez da bakarrik kirol arloaz arduratzen. orokorrean kluba du buruan, eta handik laguntza ematen ari da. Asko animatzen gaitu, gainera, gauzak ondo eginez aurrera jarrai dezagun.