Botiltzarra programa, gazteak alkohol kontsumoan sentsibilizatzeko
Larunbatean Ai Laket!! elkarteko sei bitartekarik alkohol kontsumoak dakartzan arriskuen inguruko informazioa, sentsibilizazioa eta jarraibideak emango dituzte.

Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi du aurten ere Botiltzarra egitasmoa aktibatuko duela inauterietako larunbatean, hau da, larunbat honetan (hilak 18). Programa ibiltari horren xede nagusia da gazte eta nerabeak alkohol kontsumoarekin lotutako arriskuak murriztea eta dakartzan arrisku horiei buruz sentsibilizatzea. Larunbat honetan, Ai Laket!! elkarteko sei bitartekari arituko dira hiriko kaleetan adin horretako jendearengana hurbiltzen. Informazioa eta jarraibideak helaraziko dizkietela azaldu du udalak.
«Gizarte Ongizate arloan jakin badakigu ondo pasatzeko modu asko daudela, eta alkohol-kontsumoa ez dela zertan faktore bat izan. Programa honen bitartez, inauteriak bizitzeko beste modurik badela ikusarazi nahi diegu gazteei, inauteriak lagunekin pasatzea dela benetan dibertigarria», adierazi du David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak.
Bitartekariak binaka arituko dira lanean, lau orduz, 20:00etatik gauerdira arte, gazte eta nerabeen artean jokabide arduratsuak sustatzen. Iazko inauterietan, Ai Laket!! elkarteko kideak 45 gazte eta nerabe talderekin egon ziren. Orotara, 364 pertsonarengana hurbildu ziren.