Borrokan jarraitu beharko du Bidasoa Irunek Europan
Iragarpenak bete ziren atzo Artalekun, eta Bidasoa Irunek ezin izan zuen Fuchse Berlin boteretsua gainditu (32-40). Sailkapena euren esku badago ere, borrokan jarraitu beharko dute irundarrek.

Iragarpenak bete ziren atzo Artalekun, Bidasoa Irunek Fuchse Berlin boteretsuaren aurka galdu baitzuen (32-40) EHF European Leagueko Multzoen Faseko zortzigarren jardunaldian. Atzoko porrota dela eta, borrokan jarraitu beharko dute irundarrek hurrengo fasera sailkatu nahi badute. Sailkapen hori, baina, euren esku dago, hiru puntuko errenta baitute bi partidaren faltan. Sailkatzeko aukera argia hurrengo asteartean izango dute, multzoko azken postuan den Motor taldearen aurka jokatuko baitute. Irabaziz gero, hurrengo fasean izango da Bidasoa.
Atzokoa denboraldi honetan Europako Txapelketan Artalekun jasandako lehen porrota izan zen irundarrentzat. Neurketako lehen gola bidasoarrek eskuratu zuten, baina alemaniarrek sendo ekin zioten lehiari, eta zazpigarren minutuan Jacobo Cuetarak lehen hutsartea eskatu zuen, Bidasoa atzetik baitzihoan markagailuan (3-7). Berlindarrek hasierako erritmoa mantendu zuten, eta sei goleko errentarekin iritsi ziren atsedenaldira (17-23). Lehen zatiko azken minutuetan Xabier Barretok debuta egin zuen Europan.
Bigarren zatian markagailuko aldea gutxiagotzen ahalegindu zen Bidasoa, baina aurkariak ez zion utzi aldea murrizten; izan ere, hamalau goleko abantaila lortu zuten alemaniarrek momentu batean. Dena den, zaleen animoekin, bidasoarrek markagailuko errenta zortzi golera murriztu zuten partida bukaerarako (32-40).
Ohikoa den bezala, lehiak ez du etenik izango Bidasoarentzat, eta ostiralean erronka garrantzitsua izango dute Asobal Ligan. Txapelketako laugarren postuan den Bathco Torrelavega jasoko dute Artalekun, 21:30ean. Bidasoa seigarren da Asobal Ligan 18 punturekin; aurkariak, baina, laugarren dira, 21ekin.