Anbulatorioa erdigunean eraikitzeko lursaila uzteko eskatu dio EAJk alkateari
Osasun Sailaren asmoak egikaritzeko "trabak" jartzea egotzi diote jeltzaleek alkateari. 10.000 metro karratuko lursaila emateko eskatu diote.
Erdigunean anbulatorio berri bat eraikitzeko 10.000 metro karratuko lursaila Osasun Sailari eskaintzeko eskatu dio EAJk Jose Antonio Santano alkateari. Trabarik ez jartzeko esan diote alkateari eta “bere esku dagoen guztia egiteko eta Osasun Sailari eskatzen duena eskaintzeko”.
Oinaurre auzoa ez dela Irunek erdigunean behar duen anbulatorio handia eraikitzeko gunea diote, “jada baztertuta dago, proposamen guztiz infantila”. Gainera, Lapitzeko erietxea 1.500 metro koadro handitzea “atzerapausoa” litzatekeela uste dute.
Oinaurren anbulatorio bat eraikitzearekin ados dira, baina Dunboakoaren eredua jarraiki txikiagoa izatea. Irundarrek osasun zerbitzu gehiago eskatzen dutela diote jeltzaleek, “eta oso larria eta onartezina litzateke, EAJren aurka joateagatik, gure hiria zentroko anbulatorio handi berri bat gabe geratzea”.