Irungo EAJ, ados erdialdean anbulatorio berria egiteko Jaurlaritzaren proposamenarekin
Osasun Sailak ontzat eman du Irungo EAJren proposamena. Orain, alkateak Jaurlaritzak eskatutako agiriak bidaltzea espero dute.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du Irungo erdialdean anbulatorio berri bat egiteko prest dagoela. Irungo EAJ ados dago proposamenarekin. Are gehiago. “Pozik baino gehiago sentitzen gara proposamenarekin”, zehaztu dute jeltzaleek. Izan ere, aurretik, Irungo EAJk landua eta aurkeztua zuen proposamen hori. Gotzone Sagardui Osasun sailburuari ere helarazi zioten egitasmoa. Oinaurren ere beste anbulatorio bat egitea dago Irungo jeltzaleen asmoen zerrendan.
“Irunek anbulatorio berria behar du zentroan”, berretsi du EAJk, “pertsonek eguneroko edo unean uneko kontsultara joateko aukera izan dezaten, oinez, bizikletaz edo autobusez. Joan-etorri handirik gabe, irundarrei egunerokotasuna erraztuz. Anbulatorio modernoa, zerbitzu gehiagorekin, puntako teknologiarekin eta irisgarritasun onarekin”. Hori egiteko aukera EAJk berak proposatutakoa izan daitekeela azaldu dute. “Ez dezagun aukera hau alferrik galdu”, adierazi dute: “Irundarren gehiengo handi batek osasun-zerbitzu gehiago dituen Irun bat nahi du, herritarren ongizatea lehenesten duen, berdegune gehiago dituena, hiria bitan banatzen ez duten konexioak dituena, barneratzaileagoa, arduratsuagoa eta jasangarriagoa dena. Eta Irun hori posible da”.
EAJk, orain, Jose Antonio Santano alkatearengan utzi du ardura. “Alkateak Eusko Jaurlaritzak eskatutako agiriak bidaltzea espero dugu, irundarrek behar bezalako anbulatorio handi bat izan dezaten zentroan lehenbailehen”.