Abian da III. Martxoaren 8 kartel lehiaketa
Hondarribiko Udalak eta Emeki elkarteak, lankidetzan, hirugarrenez antolatuko dute lehiaketa. Irizpide tekniko eta baldintza guztiak jakinarazi dituzte dagoeneko, eta urtarrilaren 31 izango da lanak entregatzeko epe muga.
Hondarribiko Udala eta Emeki emakume elkartea hasi dira dagoeneko aurtengo martxoaren 8a antolatzen. Hala, kartel lehiaketa antolatuko dute aurten ere, hirugarrenez. Ohar bidez, lehiaketan parte hartzeko baldintzak jakinarazi dituzte. Aurtengo karteletan “2023ko martxoaren 8a – Emakumeen Nazioarteko Eguna” agertuko beharko da, era argian. Irabazleak 450 euroko ordainsaria jasoko du.
18 urtetik gorako edonork har dezake parte, eta lanak entregatzeko azken eguna urtarrilaren 31 izango da. Kartelak helbide elektroniko honetara bidali beharko dira, edo Hondarribiko Udalean entregatu, fisikoan. Irizpide tekniko eta baldintza guztiak dokumentu honetan kontsultatu ditzakete interesdunek.