[Elkarrizketa] “Etxe barruan bizitza bat genuen, kanpoan beste bat”
‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak’ (Gara-Baigorri argitaletxea) egiten hustu da Oiartzunen bizi den donostiarra. Haren, nahiz beste milaka haur maletadunen historia denborak ezaba ez dezan sortu du kazetaritza eta literatura uztartzen dituen lana.
Non dago Ikusezinak. Haur erbesteratuak-en hasierako unea?
Nire aspaldiko nahi bat izan da denaren abiapuntua. Arantza txiki bat nuen, beti barruan izan dudana. Jaio nintzenetik iheslari baten alaba izan naiz. Bizitza guztian zehar jaso ditudan gertaera askok eraman didate arantza hori barruan izatera, mina izatera. Ikusezinak izan gara iheslarien eta deportatuen alaba-semeak betidanik. Motibazio pertsonal horri, motibazio politikoa gehitu behar zaio. Pertsonala politikoa dela sinisten dut, eta euskal gatazkaren errelatuaren kontaketan hutsune politikoa izan dela uste dut. Hutsune asko daude, eta hau bat da: iheslarien seme-alabak ez gaituzte inoiz ere kontuan hartu, ez entzun.
Euskal presoen seme-alaben bizipenak, zorionez, ezagutarazi dira azken hamarkada honetan motxiladun haurrekin. Zorionez diot, horrela izan behar duelako. Baina gu ez gara kolektibo horren parte. Eta zerbait egin behar zela uste nuen, presoen kolektiboa eta iheslariena ezin direlako konparatu ere egin. Hortik maletadun haurren ideia sortu zitzaidan, barrenetik.
Arantza, errelatua, memoria historikoa, hutsuneak…
Beste gai batzuekin ere gertatzen da. Adibidez, liburuan aipamen berezia egiten diet gure amei. Liburu honekin ez da betetzen hutsune hori, hau ale txiki-txiki bat da. Baina errelatuaren bataila horretan, esaten ez dena ez omen da izaten; hortik hasita ez dadila esan hau ez denik gertatu, edo ez denik bizitu, edo historiaren inguruan gezurra kontatu denik… Hau lehen pertsonan bizitu dugu, eta hemen gaude. Hutsunea betetzeko lagin txiki bat da liburuan azaltzen dena.
Amak aipatu dituzu. Emakumeak, amak, amonak…
Mundu mailako edozein gerra edo gatazka politiko armatutan lehen lerroan izaten diren gehienak gizonak dira. Gerra guztiak, gurea barne, oso maskulinizatuak eta oso matxistak izan dira. Baina gerra guztietan atzeguardia bat dago, eta erretaguardia horretako argazkiak emakumeenak eta haurrenak dira. Horiei buruz ez da inon ezer kontatzen. Ez Euskal Herriko gatazkan bakarrik; munduko gatazketan ere oso gutxi hitz egin da atzeguardia horri buruz. Beti lehen lerroan dauden gizon gudariez, borrokalariez, edo heroi horietaz hitz egin izan da. Baina, horien atzean badago normalean emazte bat, ama bat, haur batzuk, hori guztia sustengatuko dutenak.
«Ikusezinak izan gara iheslari eta deportatuen alaba-semeak betidanik»
Gure amek dena egin dute. Lehen lerroko borroka hori ere egin dute, eta atzeko guztia sustengatu dutenak izan dira: hazi, hezi, eta maitatu gaituzte; kanpoan zenarekiko lotura, aita nire kasuan, ez eteteko eta elikatzeko ahalegina egin dute; herriarekiko maitasuna balore zehatz batzuekin transmititu digute… Dena egin dute.
Nire kasuan, amonarekin bizi izan naiz, nire amak ez zuelako gaitasun ekonomikorik bi seme-alaba aurrera ateratzeko. Orduan, nire amona ere bada oso parte inportantea nire bizitzan.
Zortzi testigantza jaso dituzu liburua osatzeko, horietako bat zurea. Ez dago errelatu bat eta bakarra denentzat, patroi komun bat.
Badaude komunak diren gaiak, edo lotzen gaituzten hari ikusezin batzuk badaude. Azken batean, erbestean izan direnak herrialde eta une ezberdinetan egon dira. Baina badaude loturak. Saiatu naizena izan da bai herrialdeen eta kasuistiken ahalik eta erradiografia zabalena egiten. Gure gurasoak mundu guztian barreiatuta izan dituzte, batzuk iheslari bezala eta besteak deportatu bezala herrialde zehatz batean bizitzera derrigortuta. Eta haurren kasuan, batzuk Euskal Herrian jaio gara eta bisitan joan gara gurasoengana, baina beste batzuk jaio dira gurasoak artatu edo bizitzera derrigortu dituzten herrialde haietan. Batzuk han jaio eta hona etorri dira bizitzera; beste batzuk jatorrizko herrialdetik ez dira atera; badaude erbesteko herrialdean jaio, hona bizitzera etorri, eta herrialde horrekiko herrimina dutenak. Hori guztia nahi nuen modu batera jasota gera zedin. Ez dago patroi bat.
Lortu dut hainbat herrialdetan izan diren erbesteratuen seme-alaben kasuak jasotzea: Cabo Verde, Kuba, Mexiko, Venezuela, Ipar Euskal Herria, Suitza…. Tartean beste herrialde batzuk ere nahastu dira, Panama, Ekuador, izena nahita jarri ez dizkiogun Frantziako beste herrialde batzuk, Suitzakoak ere bai… Badaude ere ukitu ez diren hainbat herrialdetako kasuak, Uruguai, Sao Tome edo Aljeriakoak esaterako. Eta familien kasuistika aldetik ere askotarikoak jaso nahi izan ditut. Aldi berean, ez nuen den-denak 1980ko hamarkadako kasuak izatea.
Denetik aurki daitekeela esan nahi dut. Testigantza gehiago lor nitzakeela? Seguru. Ez dago errolda bat, baina milaka gara erbesteratu edo deportatuen seme-alaba.
Zifrak, datuak… Ba al da zenbakirik?
Iheslarien eta deportatuen kasuan ez dago erreala den errolda bat. Kalkuluak badaude, tortura kasuekin gertatzen den bezala. Hortaz, kalkulu horien arabera, 2.500 euskal herritar izan dira iheslari edo deportatu azken 40 urtean. Hortik guk atera dugun kalkulua izan da, bakoitzak bi seme-alaba izan dituela batez besteko bezala aintzat hartuta, 5.000 inguru haur maletadun garela. Gehiago edo gutxiago izan daitezke, baina zifrak hor inguruan ibili behar du.
«Badirudi bukatu egin dela deportatuen eta iheslarien aroa. Ez da horrela»
Egun bost euskal deportatu eta 24 iheslari daudela jasota dute hainbat iturrik. Beraz, liburua kaleratzearekin ez da dena bukatu.
Bai, egoerak jarraitzen du. Badirudi bukatu dela iheslarien eta deportatuen aroa. Ez da horrela. Gehiago esan nahi dut: jakin gabe, edo kontatu gabe izan diren kasu asko daude. Nik egindakoa lagin txiki bat da, xume egin ahal izan dudana. Asko dago egiteko eta kontatzeko herri honetan. Ez badugu kontatzen ez du inork kontatuko, edo desitxuratua kontatuko dute.
Kazetaritza lana da, baina literaturatik ere badu.
Hasieran testigantza batzuk jaso nahi nituen. Ez nuen pentsatzen liburu batean bukatuko zenik hau guztia. Bidean jende batekin topo egin nuen, eta animatu ninduten beste modu batera idaztera. Bi aukera nituela esan zidaten: kazetaritza estilo zurrunarekin landu, edo zerbait literarioagoa egin, erdibideko zerbait, ez eleberria, baina antzeko zerbait bai. Ez naiz idazlea, kazetaria naiz. Baina lagun horiek, idazle direnak, esan zidaten hori egiteko gaitasuna nuela, eta saiatzeko. Egin dut. Behin liburua irakurrita horiek esan didate parez pare zabaldu naizela, biluzi naizela. Sentimenduak daude liburuan. Baina ez naiz ni bakarrik biluzi, lekuko edo hitz egiten duten guztiak biluzi dira. Atea jo, grabatzen hasi, eta jendeak barrena hustu du. Irakurri duen jendeak esan dit sentimenduak idatzian jartzea oso zaila dela. Eta lan honetan hori lortu dela esan didate.
Liburuaren pasarte batean, zure anai Donibane Azkaratek honakoa esaten du: «Hitz egitearekin batera ikasi genuen isilik egoten». Zer esan nahi du horrekin?
Dena esan nahi du. Gure bizitzaren edo haurtzaroaren zati baten laburpen ezin hobea da anaiak egindakoa. Esan nahi du gure bizitzan, haurtzaroan batez ere, gezur handia batean bizi izan ginela. Etxe barruan bizitza bat genuen, eta kanpoan beste bat. Txikitatik entzun izan nuen, mahai baten bueltan egonda, «Miren, zure aurrean dagoen hori ez dago hemen»; edo «gaur ez gara hemen egon»; edo kotxean muga pasatzen genuenean nola esaten zigun amak «orain isilik, ez hitz egin zuen artean», hau da, euskaraz ez hitz egiteko muga pasa behar zenean. «Ez kontatu hau inori» ere maiz entzun dugu, edo aita Kubara joan zenean «ez deitu aita aitari», edo «ez deitu Agustin aitari, orain beste izen bat duelako».
Horregatik esaten du anaiak hori. Hitz egiten ikasterako, bagenekien gauza batzuk ezin genituela esan, isiltzen ikasi genuen. Gauza horiek eremu zehatz batzuetan bakarrik esan genitzakeela, alegia. Pentsa. Bi urterekin, hitz egiten ikasten duzunean, bagenekien kotxean muga pasatzean isilik egon behar genuela, ezin genuela kontatu non egon ginen…
Guretzat normala zen hori, hori zen gure bizitza. Pentsatzen genuen haur denek antzeko egiten zutela, umea zareneko xalotasun horretan. Handitzen zaren heinean pentsatzen duzu, «ostia! Hori ez zen normala». Orain ama naizela esaten dut, «nola da posible hau horrela bizitu izana?». Iruditzen zait gure amek hor ere sekulako lana egin zutela. Horregatik esaten dut anaiak esandako hori, gure haurtzaroa laburbiltzen duen esaldi biribila dela.
Garbi utzi nahi dut. Liburu hau nik neuk idatzi dut. Baina ez da nirea. Denena da.
Eta liburua idazten ari zinenean, aita Kubatik Euskal Herrira etorri zen. Agustin Azkarate.
[Arnasa hartu du] Hasiera batean, liburuan nire zatia ez nuen sartu behar. Sentitzen nuena, adierazi nahi nuena besteen bizipenetan sartu nahi nuen. Nirea kontatzeko intentziorik ez nuen. Baina aita itzuli zen, 2021eko apirilaren 20an. Orduan, argitaletxekoak eta nire ondoan izan den Jokin Urainek —hura gabe liburua ez zen existituko, nire laguntzaile, babesle, zuzentzaile eta bultzatzaile izan da gauza guztietan— esan zidaten nire kasuaz idatzi behar nuela. Ziklo baten bukaera zela aita bueltatzea.
Zatirik zailena izan da nirea. Oso zaila egin zait kontatzea. Kazetaria naiz. Elkarrizketa bat egitera eta jasotzera ohitura nago. Baina nire buruari galderarik egin gabe, kontatzea nire istorioa zein izan den… Puf!
Aita itzuli zen, bai. Etxean ez dut aita sekula ezagutu. Bost aldiz ikusia nuen nire bizitzan iaz arte, asko jota hilabete batez jarraian. 28 urte nituela [1984an jaiotakoa da Azkarate, beraz, 38 urte ditu] ikusi nuen azkenekoz. Orduko hartan erabaki nuen ez nintzela harengana itzuliko, buelta oso gogorra egin zitzaidalako. Harekin hitz egin nuen hori. Eta 37 urte nituela, aita dator.
Orain zerotik harreman bat eraikitzen ari gara. Aita ez dut ezagutzen. Liburuko partaide askok ere ideia hori errepikatu dute, aita edo senide horrekin ez dutela bizi izan ia ezer. Harremana eraikitzen ari gara.
«Hitz egiten ikasterako, bagenekien gauza batzuk ezin genituela esan»
Bizitza jarri duzu paperaren gainean. Hustu zara.
Beharbada damutuko naiz, baina idazketa prozesuan horrela atera zitzaidan, horrela atera zitzaigun. Zertarako makillatu hau dena? Horrela ere irakurlearentzako askoz ere humanoagoa da kontatu nahi nuena, gatazka politiko bat humanizatzen duzu, eta gauzak horrela idaztea askoz ere samurragoa eta politagoa dela iruditzen zait.
Liburua egiteko zabal-zabal ireki garen bezala, liburuaren argitalpenarekin zerbaiten ixte bat lortu dugu, sanatze bat; terapia hitza ere erabili izan du parte hartzaile batek baino gehiagok. Arantza bat genuen, ireki gara, baina erditze honekin, liburuak argia ikusita, egin duguna da zerbait itxi. Sanagarria izan da.
Esan duzu liburuaren egile zarela, baina denena dela. Hala ere, zu zeu ari zara aurkezpenak egiten, Durangoko Azokan joan den asteburuan, edo asteazkenean Oiartzunen, kasu.
Jasotzen ari naizen erantzunak, parte hartzaileekin harremanetan jarri nintzeneko berberak dira. «Eskerrik asko», esaten didate. «Eskerrik asko gu entzuteagatik. Eskerrik asko hau kontatzeagatik. Eskerrik asko gutaz gogoratzeagatik». Hiru eskerrik asko horiek partaide guztiek esan dizkidaten lehen hiru esaldiak izan dira.
Kalean jasotzen ari naizena hori bera da. Bazela garaia hori kontatzekoa, ausardia izan dela kontatzen den guztia zabaltzekoa. Bai Durangon, edo azaroaren 3ko aurkezpen ofizialetik jasotakoak ildo horretatik joan dira.
Durangokoa esperientzia oso hunkigarria izan da, oraindik ere asimilatzen ari naiz. Bi egun oso emozionante izan dira, jendea nirekin batera hunkitu da han bertan. Hunkitu gara. Arantza pertsonal hori zuen bakarra ez nintzela ikusteak eraman dit ziurrago egotera liburua egin behar zela. Sortze prozesuan nengoenean ez nuen neurtu zer nolako erreakzio emozionanteak sorraraziko zituen. Egin behar zen. Min hori ez nuen nik neuk bakarrik.