[Elkarrizketa] “Zorte hutsa da lagunez inguratuta oholtzei agur esatea”
Agertokiei agur esango diete Murillok eta haren bidelagun Vitali Safronkinek ‘Hegalak’ birarekin. Asebete da eginiko ibilbidearekin, eta deskantsatu nahiz «beste modu batera bizitzeko» gogoz dago.
Hegalak. Piano eta dantzarako euskal notak izena jarri diozuen obraren birarekin agur esango diezu eszenatokiei. Zein sentimenduk zeharkatzen zaitu?
Egia esan, buruan genuen. Josu Okiñena orain dela bost urte ezagutu nuen, Keridos monstruos saioan [Teledonosti]. Bioi elkarrizketa bat egin ziguten, eta orduan esan genuen, «zerbait egin beharra dugu elkarrekin». Baina, noski, haren agenda, gurea [Vitali Safronkine eta harena], gero Ainhoa Arteta ere sartu nahi nuen, tartean pandemia… bada, gaur arte ezin izan dugu ezer egin.
Guk [Vitali Safronkine eta hark] etxean hitz eginda bagenuen utziko genuela. Ikusten, gainera, eskolak [Studio24] hartzen digun denbora… Ez dakit, erabaki erraza izan da. Esango nuke iritsi dela garaia, eta listo; eta pozik.
Eta, noski, oso-oso hunkigarria izango da, hori zalantzarik gabe. Baina esango nuke lasai eta asebete nagoela nik erabaki dudalako agur esatea, eta hori izugarrizko zortea da. Baditut inguruan profesionalak, nirekin dantzatu izan dutenak, lesio batengatik utzi behar izan dutenak dantza, edo ebakuntza bat gaizki atera delako; eta ni, zentzu horretan, oso zortekoa naiz, nik hartu dudalako erabakia, eta prozesu guztia polita izaten ari da. Zorte hutsa da lagunez inguratuta oholtzei agur esatea.
Sentimenduez ari zarela, hain justu, lau ditu ardatz obrak: tristura, harrotasuna, pasioa eta poztasuna. Ibilbide kronologiko bat osatzen al dute?
Bai, hala da. Bizi izan dugunaren isla da. Ideia hori Vitalik eduki zuen, azken batean, laurok [Iker Murillok, Vitali Safronkinek, Josu Okiñenak eta Ainhoa Artetak] berdina bizi izan dugulako.
Hasieran, hiruen arteko [lehen hiruena] proiektu bat bezala jaio zen hau. Eta obrari bueltaka-bueltaka, pentsatu genuen: «Jo, polita litzateke hau azkena izatea, honekin bukatzea». Eta horri testua jarri nahi genion.
Hor, testuan, [Arantxa Diazek idatzitakoa, Aizpea Goenagak interpretatuko du oholtzan] guk bizitakoak, gure ibilbidea, kontatzen dira. Ainhoak ere, azken batean, berdina bizi izan du; hura oso gazte joan zen Estatu Batuetara, eta elkarrekin hitz egiten konturatu ginen atzerrian emandako denbora eta bizipen horiek partekatzen genituela.
Euskal autoreen piano konposizioetan ibilbide bat egingo du Hegalak-ek, estilo neoklasikoko dantzekin.
Musikarena nik argi nuen hemengo zerbait delako, eta nik bereziki hori nahi nuen. Eta estiloa, bai, Vitalik egindako bost koreografiak estilo neoklasikoan interpretatuko ditugu. Jantziak, gainera, Iraia Oiartzabalek eta Ane Areitiok osatzen duten Getary markak sortu dizkigu, eta horrela dena gelditzen da etxean [Oiartzabal antxotarra baita].
Bi horiek, dantza eta musika, ardatz izanik, harago doa Hegalak: Ainhoa Artetaren soprano ahotsa eta Aizpea Goenaga aktorearen interpretazioa, Josu Okiñenaren piano doinuak… Eta, horrez gain, gipuzkoar eta bizkaitar kostaldeko zenbait proiekzio ere emango dituzue.
Emanaldi bereziak izango dira, eta oholtzan etxean bezala sentitzea garrantzitsua zen. Zentzu horretan, hemengo irudiak nahi nituen nik, eta horregatik, dantza pieza bakoitzean irudi bat azalduko da gure atzean. Eta, zer hobeto, basoa, ura, mendiak… gurea den hori baino. Bideoren bat ere agertuko da hortik [barrez esan du], tira, gehiago ez dut aurreratuko, hor etenpuntuak jarri…
Eta arrazoi berberagatik ere hautatu dugu Viktoria Eugenia estreinaldirako, goxotasun hori baduelako, Kursaal batek, adibidez, ez duena. Viktoria Eugeniak badu berezia den zerbait, eszenatokian eroso egoten laguntzen dizuna.
Hamabi abesti entzungo dituzte guztira ikusleek, eta horietako bostetan interpretatuko dituzue Vitaliren koreografiak. Harekin bizi izan duzu zuk sorkuntza prozesua. Nolakoa izan da?
Zintzoa izateko, ez da erraza izan. Ez da erraza izan, prozesu osoan zehar buruan bagenuelako azkena izango zela, eta horrek sentimendu zurrunbilo bat sortzen dizu; ez dakit, arraroa izan da, oso hunkigarria.
Esandakoa: sentimendu nahasi horiek izan ditut. Batetik, pozik, egindako guztiagatik eta sentitzen genuena sortzen genuelako, baina bestetik nostalgia puntu batekin ere. Triste ez, ez nuke esango, gauza polita delako, baina…
Eta nik uste emanaldi zaila izango dela. Zailena, agian.
Bientzako baita azkena.
Bai, bai. Nik argi nuen aspalditik, eta Vitalik erabaki zuenean, esan nion: «Aizu, pentsatu duzu? Ziur zaude? Jarraitu, nahi baduzu», eta erabaki berdina hartu zuen berak ere; beraz, aurrera biek.
Zenbat denbora eman duzue sorkuntza prozesuan murgilduta?
Bada, urtebete agian bai. Promo bideoa uztailean grabatu genuen, eta grabatu baino lehen, noski, koreografiak egin behar dituzu. Beraz, bai, urte eta piko, esango nuke.
Iazko urrian HITZAn egindako elkarrizketa batean aurreratu zenuten, jada, buruan zenutela agertokiak uztearena.
Bai, orduan ere bagenekien, baina ezin genuen ezer esan! [barrez]. Zerbait bota genuen, baina…
Orduko hori [Txoria txori sorkuntza izan zen elkarrizketaren helduleku] ere oso hunkigarria izan zen. Eta orain, pentsa, familia guztia eta lagunak hor izango dira. Uste dut hori izango dela, agian, okerrena! [barrez esan du], epaimahairik zorrotzena.
Orduko horretan, Laboaren Txoria txori koreografiatu zuen Vitalik zure ibilbidea irudikatzeko. Hor aritu ginen ere hegalez; atzerritik bueltan, horiek kendu eta lur hartzeaz, eta bide horretan doa Hegalak ere. Atzerriak zenbateraino utzi du aztarna zure ibilbidean?
Erabat. Guk, denok, hegan egin behar izan dugu hemendik kanpo, eta hausnartzen ari ginenean lanari zein izen jarri, era naturalean atera zen Hegalak.
Hegalak jantzi eta hortxe abiatu ginen kanpora, eta hori bezain gogorra da, gero ere, hegalak erantzi eta etxera bueltatzea. Historia berdina dugu laurok.
Zuk zeuk esan izan duzu, asebete zaude egindakoarekin. Nahi izan duzun bezainbeste dantzatu eta bidaiatu duzu, eta orain beste bizimodu bat da nahi duzuna, ezta?
Azkenean, 44 urte ditut, eta unea heldu da lur hartzeko. Ez dakit nola sentituko naizen azken emanaldiak egin eta gero, baina argi dut niretzako etapa berri bat hasiko dela, eta oso argi dut erabakia.
Denetatik dantzatu dugu, kristoren koreografoekin egin dugu lan, bidaiatu dugu punta batetik bestera… ezagutzeko ez zaigu ezer falta. Batzuetan, esaten duzu, «jo, gustatuko litzaidake bukatu aurretik hau egitea», eta nik ez dut horrelako sentsaziorik. Uste dut egin beharrekoa eginda dudala, eta asebete nago horrekin. Eta azken proiektu hau lagunekin, etxekoekin eginda, eta non hemen baino hobeto, ezer gutxi gehiago eska daiteke…
Eta jendeak galdetzen dit, «jo, eta utziko duzu?», baina oso gutxik dakite zenbat lan dagoen horren guztiaren atzean. Pentsa, astelehenetik ostiralera ikasleekin gaude lanean [hark Antxon sorturiko Studio24 dantza akademian, nahiz kanpo ematen ditu klaseak], eta ez da bakarrik klasea ematea, gauza piloa antolatu behar dituzu: aktuazioak, gurasoekin harremana… atzetik lan asko dago.
Eta, horrez gain, gero asteburuetan imajina zure lana egin behar izatea, deskantsatu ezin eta emanaldiren bat prestatzeko entseatzen jarraitu behar izatea. Asko da.
Vitalirentzako ere, klaseak, gehi beste guztia, asko da.
Eta horregatik erabakia beste lasaitasun batekin hartu dugu. Ongi bukatuko dugu, pixka bat ere bizi behar dugu. Nik 24 urte eman ditut kanpoan, eta uste dut nahikoa dela.
Eskertzarik?
Asko. Familiari, lehendabizi, eta gurasoei bereziki; beraiei esker egin ahal izan dut aurrera nire ibilbide honetan. Pasaitarrei ere, noski, etxekoei eskertuta; baina, bereziki, alboan egunez egun izan ditugun antxotarrei. Haiek badakite zeintzuk diren.
Eta, noski, Vitaliri. Vitali gabe hau guzti hau ez litzateke posible. Feeling hori lortzea oso zaila da, eta agertokian ere asko sumatzen da. Eta hark nirekin bizi izan du guzti hau, bidelagun izan dut zentzu eta esparru guztietan.
Vitali Safronkine, koreografoa eta dantzaria.
Vitali Safronkine (Samara, Errusia) koreografo eta dantzariak sortu ditu ‘HEGALAK, piano eta dantzarako euskal notak’ lanean hark, bidelagun duen Iker Murillo dantzari antxotarrarekin, interpretatuko dituen bost dantzak. Sona handiko doinuak koreografiatu ditu: ‘Andante doloroso’ (Aita Donostia), ‘Sonata en Sol Mayor’ (Jose Bidaurre), ‘Euzkadiko negarra’ (Tomas Mujika), ‘Tocata en Re Mayor’ (Francisco de Ibarzabal) eta ‘La valse’ (Maurice Ravel).
Bira bukatutakoan, dantza irakasle moduan jarraituko du lanean, Murillorekin batera zuzentzen duen Studio24 akademian.