Abenduaren 1ean piztuko dituzte Eguberrietako argiak
Alkateak ekitaldian ikastetxeetako hainbat ikasle izango ditu lagun. Udalak % 25a aurreztu nahi du aurten.
Irungo Udalak honezkero instalatu ditu Eguberrietan hiria apainduko dituzten argiak. Honenbestez, datorren abenduaren 1ean, osteguna, egingo dute apaindura horiek pizteko urteroko ekitaldia. Ohi legez, Jose Antonio Santano alkateak ikastetxeetako hainbat ikasle izango ditu lagun, eta akordeoien orkestrak nahiz Musika Eskolako abesbatzak girotuko dute unea.
Hiri osoan zehar 308 apaindura jarri ditu udalak: 86 arku, 191 farol eta 24 multzo apaingarri, biribilguneen eta espazio berezien artean.
Udalak adierazi duenez, energia baliabideen krisiari aurre egiteko, % 25a aurrezteko plana egin dute: piztuta egongo diren hilabete luzean zehar (urtarrilaren 6a izango da azken eguna), Eguberrietako argiak egunero bi ordu gutxiagoz egongo dira piztuta. Iaz arratsaldeko 17:30ean piztu zituzten, eta aurten 18:00etan. Halaber, gaualdeko 01:30ean itzali ordez gauerdian itzaliko dituzte.
Eguberritako kartel ofiziala, Mai Egurzarena
Irungo Udalarekin eta tokiko saltokiekin elkarlanean, Mai Egurza ilustratzaileak egin du aurtengo Eguberrietako kartel ofiziala. Udalak aurki emango du aurtengo egitarauaren berri.