Bidasoko Ikasle Abertzaleakek hitzaldiak antolatu ditu ostiralean
"Indarkeria matxistaren aurrean, emakume langileon antolakuntza!" lelopean, hitzaldiak antolatu ditu Pio Baroja eta Talaia institutuetan.
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, ostiralean hitzaldiak antolatu ditu Bidasoko Ikasle Abertzaleakek, “Indarkeria matxistaren aurrean, emakume langileon antolakuntza!” lelopean. Horiek Irungo Pio Baroja BHI eta Hondarribiko Talaia BHI institutuetan egingo dituzte. Hitzaldietan indarkeria matxistaren nondik norakoak landuko dituzte, eta “urgentzia handia” duen gaia duela adierazi dute.
Ikasle Abertzaleaken arabera, indarkeria matxista “emakume langileek jasaten duten sistemaren baitako indarkeria da”, zeinak adierazpen ugari dituen. Hala, indarkeria matxista bortxaketetan gorpuzteaz gain, emakumeek sare sozialetan jasaten duten sexualizazioa ere indarkeria dela azpimarratu dute IAko kideek, eta berau ez dela kasu isolatuen multzoa. Hori dela eta, hitzaldiotan emakume langileek egunerokoan eta, bereziki, heziguneetan pairatzen duten indarkeria aztertuko dute. Haien hitzetan, indarkeria matxistarik gabeko errealitatea urrun badago ere, “gaurdanik hasi behar gara horretarako baldintzak jartzen, eta lehen pausoa da indarkeria matxistaren larritasunaren inguruko kontzientzia piztea”. Horregatik, ikasle langileei erasoen aurrean erantzuna antolatua izan dadin egin diete dei, kasu bakoitza seinalatu eta berriro gerta ez dadin.
Hauek dira antolatu dituzten hitzaldien ordutegi eta lekuak:
- 10:45ean: Pio Baroja BHIko Areto Nagusian.
- 11:15ean: Hondarribiko Talaia BHIko aretoan. Batxilergoko bigarren mailako ikasleentzako hitzaldia.
- 12:35ean: Talaia BHIko aretoan. Batxilergoko lehen mailako ikasleentzako hitzaldia.
Arratsaldean ITAIAk antolatu duen elkarretaratzera bertaratzera egin dute dei. 19:00etan elkartuko dira Irungo Mosku Plazan.