Udalak Emeryri eskainiko dio urrezko intsignia
Datorren azaroaren 19an emango diote intsignia, udaletxeko Areto Nagusian. Ibilbide luze eta arrakastatsua izan du entrenatzaileak.
Txomin Sagarzazu alkateak jakinarazi duenez, datorren azaroaren 19an, larunbatean, Hondarribiko Udalak urrezko intsignia eskainiko dio Unai Emery Etxegoien futbol entrenatzaile hondarribiarrari. Ekitaldia udaletxeko Areto Nagusian egingo dute. Berez, irailaren 7an eman behar zioten, baina entrenatzailearen lan konpromisoengatik atzeratu behar izan zuten ekitaldia.
Alkatearen arabera, Emeryk beti adierazi izan ditu oso giza balio garrantzitsuak, Hondarribiarekiko atxikimendu estua tarteko: “kanpo proiekzioan, gure herriarentzat oso garrantzitsua da hori”.
Ibilbide luze eta arrakastatsuko entrenatzailea da Emery: Valentzia, Moskuko Spartak, Sevilla, Paris Saint-Germain, Arsenal, Villareal eta Aston Villa (gaur egun) taldeak entrenatu ditu. Gainera, lautan irabazi du Europa League txapelketa (2013-2014, 2014-2015, 2015-2016 eta 2020-2021), Frantziako Liga 2018an, 2017 eta 2018an Frantziako Ligaren Kopa, Frantziako Kopa 2017 eta 2018an, zein Frantziako Superkopa 2016 eta 2017an.