Garbia izan dadila Behobiako irteera jendetsua
Artia eta Behobiako auzokideek kezka izaten dute irteeran korrikalariek sortzen duten zikinkeriagatik. Besteak beste, errepide bazterrean botata uzten den arroparen kopurua handia izaten da.
Etzi 30.000 kirolari bilduko dira Behobian, Irun eta Donostia batzen dituen lasterketa han hasten da. Ikusgarria da hainbeste jende ia toki berberean ikustea, hasteko zain. Baina horrek eragina du Irungo auzoetan, batez ere garbitasunari dagokionean.
Batetik, korrikalari askok proba hasi aurretik txiza egin ohi dute, lasterketa bitartean urgentziarik sor ez dadin. Denek ez, baina badira behar hori auzoko kaleetan bertan egiten dutenak, antolakuntzak jartzen dituen komun publikoak ahaztuz.
Bestalde, lasterkari askok soberan duten arropa botata uzten dute irteerako gunean zehar. Asko plastikozko tapakiak dira, batez ere euria egiten duenean. Horiek uzteko edukiontziak jarri ohi ditu antolakuntzak, baina azken urteetan auzokideek salatu dutenez, kiloka dira Irungo auzoetako errepide bazterretan botata gelditzen diren elastiko, izerditako, edo plastikozko zirak eta antzekoak.