2023ko aurrekontuen zirriborroa jaso dute oposizioko alderdiek
Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziaren arabera, 25.160.167 euroko aurrekontua proposatu dute. Asmoa abenduaren 1eko udalbatzan onartzea da.
Honezkero, gobernu taldeak 2023ko udal aurrekontuen zirriborroa helarazi die oposizioko udal taldeei.
Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziaren arabera, “Zirriborroan 25.160.167 euroko aurrekontua proposatzen dugu Udal Gobernu Taldetik. Orain, dokumentua aztertu eta egokiak iruditzen zaizkien proposamenak egiteko aukera izango dute gainontzeko alderdiek”.
Datozen asteotako asmoa Ogasun Batzordea elkartzea eta abenduaren 1eko Osoko Bilkuran proiektua aurkeztea da. Dena ondo bidean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko litzateke, eta urtarrilaren 1ean indarrean sartuko.
Altunak aurrekontuen diseinuan parte hartu duten teknikari guztien lana eskertu nahi izan du.