Zaballan da Iratxe Sorzabal
Gaur eraman dute Arabako espetxera Madrilgo Estremeratik. Irungo lau euskal presoetatik, hiru Euskal Herrian daude.
Iratxe Sorzabal euskal preso irundarra Zaballako (Araba) espetxera lekualdatu dute gaur (hilak 27, osteguna) bertan. Etxerat-en bitartez jaso du konfirmazioa HITZAk. Hala, Espainiako Gobernuaren Espetxe Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Gizarte Politika eta Justizia Departamenduak urri erdialdera adostutakoa egikaritu dute. Estremerako presondegian (Madril, Espainia) zegoen irundarra irailaren 12an Frantziako Estatutik hara eraman zutenetik.
Zaballako espetxera iritsi aurretik, Alcalakoan geldialdia egin du Sorzabalek. Handik iritsi da Zaballara. Etxerat-ek konfirmatu du bidaia ondo egin duela irundarrak, eta ez dela inolako arazorik izan.
Egun, Sorzabalez aparte, beste hiru euskal irundar daude:
- Francisco Jose Ramada Bera. Hirugarren graduan da, eta espetxealdia etxean betetzen ari da pultsera telematikoarekin.
- Fermin Vila Fermo. Zaragozako (Espainia) Zuerako espetxean da.
- Aitor Olaizola. Zaballako (Araba) espetxean da.