Eusko Jaurlaritzak Talaiako eraikinak garbitzea agindu du
Osasun ikuskaritza bidali ostean, ez ohiko moduan Biteri, Bordari eta Satarka eraikinak garbituko ditu. Ez ditu % 100eko zerbitzu minimoak ezarriko.
Gaur eguerdian, Eusko Jaurlaritzak derrigorrezko garbiketa agindu du Talaia ikastetxean, grebaren ondorioz pilatutako zikinkeria anabasagatik. Auzia zikinkeriara mugatu ez eta dagoeneko kalteak eragin ditu hezkuntza erabiltzaileen artean. Zuzendaritzak Lehen Hezkuntzako zazpi ikasleren mediku agiriak jaso ditu, asma eta hauts akaroei alergia dietenak. Egungo egoeran, ikasle horiek ezingo lirateke klasera bertaratu. Hortaz gain, Bordarin neska batek eta mutil batek klaseak utzi behar izan zituzten, asma eta bronkoespasmoek jota. Satarkako bi irakasleren osasunak okerrera egin zuen, berriz, alergia eta asmarengatik.
Horri guztiari hiru hilabete jarraituko greba gehituz gero, Eusko Jaurlaritzaren txostenak ikastetxeetan zikinkeria gehiegi pilatu dela eta garbiketa orokorra beharrezkoa dela jasotzen du. Hala, “ez-ohiko neurri gisa eta berehalakoan” ISS enpresak herriko ikastetxeetan garbiketa egitea agindu du; Bordari, Biteri, eta Satarkan. Gainera, gutxieneko zerbitzuak ezarriko dituzte.
Eusko Jaurlaritzak egindako ikuskaritzatik, komunak txukun daudela adierazi badute ere, gelek eta bestelako espazio komunek osasun irizpideak ez dituztela betetzen ondorioztatu dute. Eusko Jaurlaritzak bi dokumentu igorri ditu: alde batetik, osasun ikuskaritzaren ondorioak biltzen dituen txostena, Talaiako zuzendaritzak jaso duena; bestetik, ELA sindikatuak jaso duen garbiketa agindua.