Dena prest Donibane Lohizune-Hondarribiaren 23. ediziorako
1.500 parte hartzaile baino gehiagok 21 kilometro pasatxoko ibilbide gogor eta malkartsuari egin beharko diete aurre igandean.
Etzi, igandea, ospatuko da Donibane Lohizune – Hondarribia maratoi erdiaren XXIII. edizioa. Atzo, osteguna, lasterketaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egin zuten Juan Luis Silanes Kirol zinegotziak, Iñaki Arrieta Hondarribia Kirol Taldeko ordezkariak, Rafa Indo Donibaneko Ur Joko elkarteko ordezkariak, eta Dinuy enpresako Amaia Asurmendik.
Behobia-Donosti lasterketaren egunetik gertu egon arren (azaroko bigarren igandean ospatu ohi da), ordezkariek erreferente bihurtu dela adierazi dute; bai Hegoalde bai Iparraldeko kirolarientzat. Horren oinarrian, udalen eta enpresa antolatzaileen arteko elkarlan ona dagoela adierazi dute: “Oso erlazio kontsolidatua dute eta garrantzitsua da koordinazio hori aipatzea” adierazi zuen Silanesek. Ideia berdina adierazi du Indok: “guretzat Iparraldeko eta Hegoaldeko pertsona kirolzaleen lankidetza sendotzea oso garrantzitsua da eta zentzu horretan lanean jarraituko dugu”.
Ibilbide malkartsua
Lasterketa goizeko 10:00etan abiatuko da Donibaneko erdigunetik. Sokoarantz abiatu eta Erlaitza gorabeheratsua zeharkatu beharko dute lasterkariek. Hendaiako Abadia gaztelura helduko dira horrela, eta hortik Ondarraitz hondartzara jeitsi beharko dute. Kilometro inguruko jeitsiera izango dute hor, arnasa hartu nahiz estutzeko aproposa. Hondartza atzean uzterakoan, Hendaian badia inguratu, herrigunea gurutzatu, eta Santiago zubitik helduko dira Irunera. Hor helduko diote kirolariek lasterketako azken aurreko maldari: Iparraldeko hiribidea igo eta Kolon pasealekutik Mendelura iritsiko dira. Azken txanpa honetarako indarrak gorde beharko dituzte kirolariek, luze egiten baita bestela Amutera iritsi bitarteko ibilbidea. Lasterketa, hirugarrenez, Hondarribiko Arma plazan bukatuko da. San Kristobaletik igo beharko dute.
1.500 parte-hartzaile baino gehiagok eman dute izena. Lehenengo lasterkariak 11:00ak inguruan iritsiko dira Hondarribira.
Trafiko aldaketak
Eskualdeko bi herrietan eragin nabarmena izango du lasterketak igande goizean. Lasterketetan ohikoa izan ohi denez, trafiko aldaketak ere eragingo ditu aurtengo edizioak. Iruni dagokionean, hiriko sarbide nagusiak itxita egongo dira goizeko 10:30etik eguerdiko 12:30era, gutxi gorabehera. Lasterketak hurrengo guneei eragingo die, bereziki: Zubimuxu, Hondarribia kalea, Kolon pasealekua eta Gipuzkoa nahiz Iparraldeko hiribideei.
Kolon pasealekuan autobusak errail bakarrean ariko dira, txandaka bi noranzkoetan; Hondarribia kalea itxita egongo denez gero, Anakatik helduko dira ibilgailuak Kolon pasealekura, baita Renferen geltokira heltzeko ere; baina Gipuzkoa hiribidea irekita egongo da zirkulazioarentzat. Aparkalekuei dagokienean, San Juanen Nafarroa hiribidetik eta Prudencia-Arbide kaletik egingo dira sarrera-irteerak; Kolonen J.R. Agirretxeko sarbidea izango da libre egongo dena, Gipuzkoa hiribidekoa murriztuko dute. Mendibilera iristeko, ordea, goiko auzotik Iparralde hiribidera heldu eta auzitegien ondotik sartzea gomendatzen da. Irteteko, ordea, epaitegien pareko irteera eta hiribidea jaistea gomendatzen da.
Hondarribiaren kasuan, korrikalariak iritsi ahala Gabarrari kalea itxi eta trafikoa Kostatik bideratuko dute. San Kristobal plaza ingurua ere itxita egongo da, eta trafikoa Donostia kalerantz bideratuko dutela ohartarazi du udaltzaingoak.