Azaroaren 1ean zazpigarrenez omenduko dute Beñat Elzo
Urteroko mendi lasterketa berreskuratuko dute aurten. 10 kilometro pasatxo ditu ibilbideak, eta dirua Adela Gipuzkoa elkartera bideratuko dute.
2013ko azaroaren 1ean Beñat Elzo hondarribiar gaztea hil zen Talaia Bidean, korrika zebilela. Ordutik, urtero lagun eta ingurukoek haren omenezko mendi lasterketa antolatu izan dute. Aurtenz zazpigarrenez antolatuko dute omenaldizko lasterketa, pandemia testuinguruan geldialdia bizi ostean. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo edizioa, Higer itsasargian. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, Beñat Elzo gogoratzeaz gain, gaixotasun arraroentzako diru-bilketa dute xede. Hori dela eta, aurten dirua Adela Gipuzkoa elkartearentzat bilduko dute. Aipatu elkartea Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten gaixo eta familiei laguntza eskaintzeaz arduratzen da.
Lasterketa, ordea, ez da egitarauko eskaintza bakarra; hona hemen azaroaren 1eko, astearteko, gainontzeko jarduerak, Hondarribiko Kirol Kaian:
- Mendi ibilaldia. Goizeko 09:00etan, familia giroan lasterketaren ibilbidea egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. Aukera aproposa da lasterketan zehar lasterkariei animatzeko, Talaia Bidean zehar.
- Mendi lasterketa. Goizeko 11:00etan abiatuko da kirol kaietik. 10 kilometro eta 650 metroko ibilbidea du, eta ez da 200 metroko desnibelera iristen. Lasterkariak portura abiatuko dira, bertatik mendiko pista hartu eta itsasargira helduko dira. Bertatik Gornutzerantz abiatuko dira, non buelta erdia eman eta berriro ere itsasargirantz abiatuko diren. Dena den, bertara iritsi aurretik parte hartzaileek azken igoerari egin beharko diote aurre, Talaia baserrira doan pistatik. Bertatik, itzulerako bidea hartuko dute, kirol kairaino berriro ere. Mendi lasterketa den arren, metatutako desnibel txikiak lasterketan parte hartu nahi duen ororentzat irisgarria da Beñat Elzo.
- Haurren lasterketa. Eguerdiko 12:30ean, kirol kai inguruan 1,5 kilometroko ibilbidea prestatuko dute antolatzaileek.
Mendi lasterketan parte hartzeko izen-emateak zabalik daude honezkero. Kirolprobak webgunean eman daiteke izena, 20 euroren truke. 415 parte hartzaile jasoko ditu probak, gehienez ere.
Jardueren ostean, herri-paella antolatuko da ere. Tiketak erosteko, Kofradiaren Txiplaoko dendara hurbildu behar dute interesdunek.