Abotsanitzek, udalaren eta ISSren kontratua luzatzeko proposamena salatu du
Enpresak hainbat arazo eragin dituela azpimarratu du Abotsanitzek. Udal garbitzaileek 150 egun baino gehiago daramatzate greban.

Asteazkeneko udalbatzan, Hondarribiko udal gobernuak proposatu zuen herriko udal eraikinak eta ikastetxeak garbitu eta desinfektatzeko zerbitzuaren kontratua ISS Facility Services enpresari esleitu eta beste urtebetez luzatzea.
Kontratu luzapena udal garbitzaileen grebaren erdian iritsi dela salatu du Abotsanitz herriko talde politikoak. Izan ere, honezkero 150 egun baino gehiago egin dituzte greban, eta, oraingoz, ez dute noiz itzuliko diren zehaztu: greba mugagabean daude langileak. Abotsanitzen arabera, udalak eta azpikontratatutako enpresak zortzi hilabeteotan ez diete garbitzaileen aldarriei kasurik egin, edo hitzarmena berritu. Egoera horrek dagoeneko aski ezaguna den ikastetxeen egoerara eraman duela salatu dute.
Aste hasieran Maria Serrano Sustapen Ekonomikoko zinegotziak udala enplegu publikoaren plegu berri bat egiteko prest dagoela adierazi zuen. Abotsanitzen ustez, ordea, udalak etengabean egin du enpresaren alde, hitzarmena berritzeko duen ardurari kasurik egin gabe zein zerbitzu minimoak % 100ean berritzeko eskatuta.
Hainbat kalte eragin dituenez gero, “ulergaitza” da Abotsanitzentzat kontratua luzatu izana, eta udal zerbitzuak eskaintzeko udal langileak behar direla aldarrikatu du, baita udal eraikinen garbiketa ezinbestekoa dela ere.
Hezkuntza komunitatea, haserre
Sare sozialetan, Talaia Eskolako Familia Elkarteak erabakiarekiko bere gaitzespena adierazi du, eta bideo bidez ikastetxean pilatu den zikinkeria zenbaterainokoa den erakutsi du.